Bertsolaritza, musika eta literatura uztartzen dituen emanaldia da "Kafkaren Aulkia". Uxue Alberdi eta Andoni Egaña arituko dira bertsotan, Pello Ramirezek txeloz eta akordeoiz lagunduta. Emanaldi bakoitzean idazle bat izango dute gidari.
Bertsolaritza eta literatura uztartuta emanaldi bat sortzeko gogoa zeukan Uxue Alberdik aspalditik. Andoni Egañarengana jo, eta bien artean osatu zuten "Kafkaren aulkia" izango denaren lehenengo ideia. Ondoren, Pello Ramirez musikaria gonbidatu zuten parte hartzera, eta honek gustura onartu zuen gonbidapena. Azkenik, 12 idazle ere gehitu zaizkie saiora: Harkaitz Cano, Arantxa Urretabizkaia, Oier Guillan, Eider Rodriguez, Jon Sarasua, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Iratxe Esnaola, Itxaro Borda, Lander Garro, Unai Elorriaga eta Xabier Mendiguren. Emanaldi bakoitzean idazle bat izango da haria markatuko duena. Orduerdiko zerbait idazteko eskatu diote, izan saiakera, narrazioa edo poesia. Tarteetan bertsolariek kantatu egingo dute, baina idazleak gai-jartzaile huts izatea baztertuta. Pello Ramirezek idazlea eta bertsolaria lagunduko ditu txeloz eta akordeoiz. Horretarako, aurrez adostu ditu doinuak bertsolariekin.
Gaur egin dute emanaldiaren aurkezpen-prentsaurrekoa Donostian. Bertan, Harkaitz Canok Kafkaren aulkiaren inguruko azalpen bat eman du. Kafkarentzat ezinbestekoa zen idazteko aulki ezeroso batean esertzea. Uxue Alberdik azaldu duenez, bertsolarientzat ere ezerosotasuna "akuilu" izango da emanaldi honetan, "ezohiko lurraldeetan" murgilduko direlako.
Dagoeneko lau emanaldi lotu dituzte, baina gehiago egitea da asmoa. Urriaren 17an Bilbon izango da estreinaldia, Bidebarrietako liburutegian iluntzeko 19:30etan. Miren Agur Meabe idazlea ariko da bertan. Azaroaren 3an Ondarroako Kofradia zaharrean izango da saioa, 12:30etan, Eider Rodriguez lagun hartuta. Azaroaren 27an egingo dute hirugarren emanaldia, Donostiako Casares kultur etxean, iluntzeko 19:30etan hasita, Arantxa Urretabizkaia idazlearekin. Azkenik, abenduaren 11n Deustuko Udaltegian 19:30etan izango da saioa, Harkaitz Canorekin.
Gaurko prentsaurrekoan izan dira Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak, Arantxa Urretabizkaia eta Harkaitz Cano idazleak eta Pello Ramirez musikaria. Mikel Mariskal ere bertan izan da Lankuren izenean, Lanku arduratuko baita emanaldia zabaltzeaz.