BTN13. Bosgarren finalaurrekoa Elizondon 2013-11-21

Saio ona egitera

Saio ona egitera
Larunbatean jokatuko da bosgarren finalaurrekoa Elizondon, bigarren itzuliko lehena. Han izango dira kantuan Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga, Iñigo Mantzizidor "Mantxi", Jokin Uranga eta Julio Soto. Beraiekin hitz egin dugu zer moduz dauden eta larunbaterako dituzten asmoei buruz galdetzeko.
Finalaurrekoen lehen itzulia amaituta bigarrenari ekingo zaio larunbat honetan Elizondon. Arratsaldeko 17:30ean Baztan pilotalekuan izango da, eta kantuan seikote hau: Beñat Gaztelumendi, Jokin Uranga, Iñigo Mantzizidor “Mantxi”, Julio Soto, Amets Arzallus  eta Unai Iturriaga.
Dagoeneko baliagarri izango duten lehen puntuaketa jasota eta finala baino lehen azken pausua ematea besterik geratzen ez denean, bakoitzak jarri du bere helmuga eta bere asmoa. Larunbatean bete nahi izango dutena.

BEÑAT GAZTELUMENDI

"Kantatu dudan bi saioetan ez naiz erabat gustura geratu. Altsasun (kanporaketak) bakarkakoarekin konforme geratu nintzen baina ofizioko saioetan ez nintzen gustura aritu eta Murgiakoan (finalaurrekoak) alderantziz. Han ondoen ofizioetan eta bakarka… Orduan Elizondokora begira saio osoa egin nahiko nuke . Banago horretarako amorrazio puntu batekin. Tokatu zaizkidan taldekideekin, kuriosoa da ez dudala sekula kantatu txapelketan. Mantxirekin bakarrik egokitu zait oholtzan egotea, eta ez zitzaigun tokatu elkarrekin binakako batean kantatzea. Beraz gogo berezia dut horiekin aritzeko. Finalari begira berriz, ingurukoek esaten didate gertu dudala eta nik oraindik urruti ikusten dut, badakidalako saiora joan eta asko egin beharko dela bertsotan. Horregatik beharbada hobe saioa azkar izatea; igandean kantatu nuen eta segidan hurrengoa izatea."

JOKIN URANGA
"Oso, oso ondo nago. Katarro pixka batekin baino gogoa ikaragarria. Nik egin beharrekoa eginda dudala uste dut. Helburuak betetzat jotzen ditut. Finalaurrekoetan sartzea jarri nuen helburua, eta behin horra ailegatuta beste saiorako pausua ematea. Hori ere eman dut, eta handia egin dugula uste dut. Finalak ez nau itsutzen, nik daukadan dena ematea joango naiz, ahal dudan ondoena egitea, eta tokatzen baldin bazait finalera pasatzea poztuko naiz eta bestela penarik ez dut hartuko. Saioa egin eta beste guztiak ondorioak izango dira. Frakasoa behintzat ez, frakasoa Elizondon ahal dudan guztia ez ematea litzateke."

IÑIGO MANTZIZIDOR “MANTXI”

"Egia esan aurrekoan baino lasaiago nago. Eskemak puskatu zaizkit garai hauetan nagoen lekuan nire burua ikusita, eta horregatik onena aurreneko saioan kantatzea. Bero-beroan  ahal den ondoena egin eta kitto. Uste dut hain lasai nagoela ezer galtzeko ez dudala sentitzen dudalako. Puntuazioan izen potolo guztiei horiez inguratuta ikusi eta… Badakit haiek egingo dutela, beraz. Nireari dagokionean, badakit ez dela erraza, baina nahi nuke Tolosako saioko tenplea izan. Eta gero esperantzak eta horrelako kontuak lehen esandakoari lotuta doaz. Jende ona dago hor, bertsotan egingo duena, eta ni nirea egitera joango naiz. Ondo aterako balitz, zoragarri."

JULIO SOTO

"Saio oso polita ikusten dut Elizondokoa. Neretzat opari bat da hona ailegatu izana. Egia da sobrante handirik gabe iritsi naizela, iruditzen zait nere mailatik urrun ibili naizela eta gehixeago eman dezakedala. Ea horretarako aukera dudan larunbatean. Finalerako ia aukerarik gabe nago eta gertukoei eta babesa eman didatenei saio on bat eskaini nahi nieke. Nik final bat bezala hartuko dut eta borrokatzera joango naiz."

UNAI ITURRIAGA
"Gorputzaldi hobea nuen Tolosakoa baino lehenago baina tira! Orduko azaina eginda gero orain larri. Ez diot buelta asko eman Tolosako saioari, pena badaukat, baina gauza onak ere joan ziren. Orduko aldartea izatea gustatuko litzaidake oraingoan. Bueno, esperantza badaukat, mirari bat gertatzeko edo. Lehen ere egin izan ditut horrelakoak orduan… saiatu behintzat saiatuko naiz. Zaila dago, Murgiako saioa eta gero zailago, zeren toki bakarra ikusten da hor eta jende asko horren bila. Inguruan zenbaki dantzan eta hasten zaizkit asko, baina nik ez dut balio kalkuluetarako. Nik borrokatuko dut nirea, eta ikusiko da zer gertatzen den."

AMETS ARZALLUS
"Momentuz nahiko lasai nago. Lehen, lehenengo saioaren aurretik, tentsio gehixeago nuen, erreferentzi gutxiago… eta orain dexente lasaiago. Gainera emaitzak kontutan hartuta, momentuz behintzat larritasunak ez dit itzal handirik egiten. Elizondon lana, lan guztiak, ahalik eta finen egiten saiatuko naiz, behar bada laxoago egonda hobeto atera daitezke, eta ea guztietan asmatzen dudan. Aurrekoan ere gauza batzuk ondo, bestean ez hain ondo, baina hor zentratu beharko dut. Izan ere finala eta horrelakoetan pentsatzeko goiztxo da, hanka bat eduki dezaket bertan, baina biak ez. Eta bi hankak finalean eduki arte burua ez dut bertan eduki behar. Elizondo da lehen egitekoa eta hasi eta buka hor egon behar dut."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri