Asteburuko agenda 2014-03-14

Dozena bat saiotik gora asteburuan

Gaur bertan Berrizen, Anoetan, Zaldibian, Urretxun, Lasarte-Orian, Durangon, Zestoan, Pasaian eta Donostian izango dira saioak eta bihar Zaldibian, Villabonan, Uztaritzen, Donostian, Mendaron, Ezkio-Itsason, Lekunberrin eta Donostian.
 Udaberria gerturatzen ari da eta geroz eta saio gehiago egiten dira inguruetan. Gaur bertan saio ugari daude iragarrita. Berrizen "Ez da kasualitatea" bertso-saio musikatua izango da iluntzeko 20:30etan Kultur Etxean. Miren Amuriza, Uxue Alberdi, Alaia Martin eta Onintza Enbeita ariko dira kantuan, Maite Berriozabal gai-jartzaile dutela. Eneko Sierrak eta Ixak Arrutik musikatuko dituzte bertsoak.

 Anoetan, Harituz herriartekoaren barruan, final laurdenetako saioa egingo dute Anoetak eta Berastegik.

 Zaldibian "Bat-batean, munduko musikekin bertsotan" emanaldi berezia izango da arratsaldeko 18:30etan Herriko Antzokian. Oskar Estanga eta Jon Martin ariko dira bertsotan.

 Urretxun, Martxoan Bertsoa zikloaren barruan, taldekako bertsolari txapelketako saioa izango da Fox tabernan.

 Lasarte-Orian Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako saioa izango da gaur. Arratsaldeko 16:30etan bertso-saio didaktikoa egingo dute Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendik Manuel Lekuona Kultur Etxean. Ondoren, iluntzeko 19etan, bat-bateko kanporaketa jokatuko da. Iraitz Sarasola, Maddi Etxeberria, Iraitz Mateo, Ander Garaiar, Gartxot Ramirez, Jokin Irastorza eta Ixak Sarasua ariko dira kantuan. Amaia Agirrek jarriko dizkie gaiak.

 Durangon bertso-afaritan ariko dira kantuan Beñat Ugartetxea, Igor Elortza eta Amets Arzallus, Peru Magdalenak gidatuta. Plateruena kafe antzokian izango da saioa, iluntzeko 21etan.

 Zestoan bertso-jaialdia izango da 22:30etan Gaztetxean.

 Pasai Donibaneko Victor Hugo Etxean "Tximela kapitainaren izarrak", bertso zaharretan oinarritutako emanaldia eskainiko du Joseba Tapiak.

 Azkenik, Donostian, Arkitektura fakultatean, bertso-bazkaria egingo dute Alaia Martinek eta Beñat Gaztelumendik eguerdiko 13:30etan.

 Bihar ere ekitaldi andana dago antolatuta. Zaldibian, Osinalde sariketaren barruan, Osin Berde saria jokatuko da Osin Berde elkartean iluntzeko 20:30etan. Amaia Elizagoien, Gema Urteaga, Maddi Sarasua, Josu Oiartzabal "Xenpelar", Malen Amenabar eta Paula Amilburu ariko dira bertsotan.

 Villabonan Harituz Herriartekoaren barruko saioa egingo dute Villabonak eta Amasak.

 Uztaritzen bertso-bazkaritan ariko dira Sustrai Colina eta Eneritz Zabaleta Ttirritta edantegian, eguerdiko 13etatik aurrera.

 Donostian, berriz, Konpromiso eguna izango da bihar. Arratsaldeko 17etan Bertso-pilota egingo dute Trinitate Plazan. Amaia Agirre eta Beñat Iguaran ariko dira bertsotan. Ondoren, gaueko 22etan, bertso-saio musikatua izango da Ttun Ttun tabernan. Miren Amuriza, Aitzol Barandiaran, Jon Maia eta Beñat Gaztelumendi ariko dira kantuan Unai Gaztelumendi gidari dutela. Ixak Arruti eta Eneko Sierra izango dituzte musikari.

 Mendaron bertso-bazkaria eta poteoa izango dira. Bazkaria Gaztetxean izango da eta Jokin Uranga, Alaia Martin eta Unai Gaztelumendi ariko dira bertsotan.

 Ezkio-Itsason Martxoan Bertsoa zikloaren barruan taldekako bertsolari txapelketa izango da Igartubeiti baserrian arratsaldeko 18:30etan.

 Lekunberrin bertso-afaritan ariko dira Uxue Alberdi eta Andoni Egaña.

 Bukatzeko, Hendaian, Gazte Egunaren baitan, Egoitz Zelaia, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" eta Aitor Errazkin jardungo dira kantuan arratsaldeko 17:30etan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri