Gaur bertan saioak izango dira Bergaran, Zerainen, Beran, Arratzun eta Iruñean; bihar Muruetan, Mungian, Irunen, Belfasten, Beran eta Eibarren izango dira hitzorduak eta igandean Ermuan eta Igorren.
Dozena bat bertso-ekitalditik gora izango dira asteburu honetan. Gaur bertan saio ugari daude iragarrita. Bergaran "Gabrielen Lekua" emanaldi berezia eskainiko dute iluntzeko 19etan Zabalotegin. Andoni Egaña bertsotan ariko da emanaldian, eta ondoan izango ditu Oier Guillan, Rafa Rueda, Alain Urrutia, Iraia Elias, Naia Membrillera, Iban Urizar eta Ainhoa Alberdi.
Zerainen bertso-afaria iragarri dute Oiharte Sagardotegian Amets Arzallus eta Iker Zubeldiarekin.
Beran, Zahar Etxeko kultur astearen baitan, arratsaldeko 17etan izango da saioa, Zahar Etxean bertan. Manu Goiogana, Ioar Tainta, Iban Garro eta Eneko Fernandez jardungo dira kantuan Julen Zelaietak jarritako gaiekin.
Arratzun, berriz, Bizkaiko Eskualdeetako Bertsolari Txapelketen baitan, Busturialdeko Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa jokatuko da. Iluntzeko 21etan hasiko da saioa, Belendiz auzoko Txokoan. Ander Elortegi, Jon Rementeria, Koldo Gezuraga, Mikel Retolaza, Roke Alberdi eta Julen Ibarguengoitia dira bertsotan aritzekoak.
Iruñean, azkenik, gaur bukatuko da Bertsokleta ekimena. Lehendabizi hitzaldia eskainiko dute Katakrak-en, iluntzeko 19:30etan. Ondoren, bertso-pintxo-poteoa egingo dute iluntzeko 21:30etan Lanbroan. Aimar Karrika, Xabier Terreros eta Irati Majuelok kantatuko dute bertan.
Bihar beste sei saio izango dira. Muruetan bertso-bazkaria izango da eguerdiko 14:30etan Kamiñoko Jatetxean. Igor Elortza, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Unai Iturriagak kantatuko dute, Josu Goikoetxeak gaiak jarrita.
Mungian "Gabrielen Lekua" emanaldi berezia izango da iluntzeko 21etan Olalden.
Irunen bertso-afaria izango da iluntzeko 21etan Ola Sagardotegian. Sebastian Lizaso, Amets Arzallus eta Andoni Egaña ariko dira kantuan, Anjel Mari Peñagarikanok gaiak jarrita.
Belfasten bertso-dinner-a egingo da aurten ere. Arratsaldeko 17etan saioa egingo dute Julio Sotok eta Miren Amurizak.
Beran bertso-kantu afaria antolatu dute iluntzean Ibardin auzoan. Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi dira bertan kantatzekoak.
Azkenik, Eibarko Deportibo tabernan, bertso-afaria izango da eguerdiko 14:30etan. Txaber Ormazabal, Ander Zulaika, Jon Mikel Mugika eta Aimar Goenaga arko dira kantuan, Ion Martinezek gaiak jarrita.
Bukatzeko, iganderako beste bi saio daude iragarrita. Ermuan plaza libreko saioa eskainiko dute Beñat Ugartetxeak eta Nerea Elustondok Berano Txiki auzoan, goizeko 11:30etan.
Igorren, berriz, "Gabrielen Lekua" emanaldi berezia izango da Kultur Etxean iluntzeko 19:30etan.