Alaia Martini elkarrizketa 2014-05-15

"Norberak eseri behar du bere buruarekin eta pentsatu"

Bertsolaritzan generoaren inguruan "loraldi" bat dagoela uste du Alaia Martinek hausnarketa, ikerketa eta planteamenduari dagokionez. Berak emakume eta bertsolari izatea ez duela "era traumatikoan" bizi izan dio, baina horrek dauzkan eraginak aztertzen saiatzen dela.
 Azken urteotan bertsolaritzan generoaren inguruko azterketa eta hausnarketa ugari egin dira. Alaia Martinek hala dio: "Nik uste dut loraldi garai batean gaudela batez ere hausnarketari, ikerketari eta planteamenduari dagokionean. Jende askok egin du itzalean lan plazan, plazatik kanpo eta bestelako eremuetan. Gaur egun pausuak emateko une bat da, berkokatze momentu bat, eta kosta egiten zait kokatzea zein diren modu zuzenak, irekiak, integratzaileak eta ulergarrienak parekidetasun horretan modu egokienean plazaratzeko sentikera berri hau. Hor dago jende bat lan interesgarria egiten ari dena horren bueltan, eta beste bertsolari asko ari dira barruko lana egiten eta inguru gertuko batean konpartitzen".

 Dena den, berarengan eragin horiek identifikatzea ez zaiola erraza egiten dio: "Eragin horiek oso internoak dira: zergatik egiten ditudan gauzak modu batera, zergatik dauzkadan jarrera batzuk... Noski horretan hausnartu nahi dudala, baina zaila egiten zait bereiztea bakoitzaren oinarrian dagoen motiboa. Nik ez dut era traumatikoak eraman emakume eta bertsolari izatea, horregatik egiten dut ahalegin kontzienteagoa zertan eragiten didan jakiteko. Ez naiz sentitu erasotua, babestua sentitu naiz. Norberarekiko inertzia horiek aztertzeak kezkatzen nau gehiago"

 "Ez naiz sentitzen inoren ordezkari eta ez dut nahi"

 Oholtza gainean emakume izatearen kontzientzia baduen galdetuta, hala dio: S"aiatzen naiz kontzientzia hori esplizituki ez edukitzen, nigan badaukat. Saiatzen naiz bertsolaritza ikuspegitik eta autore ikuspegi propioan hori txertatzen berez badagoelako. Ez naiz sentitzen inoren ordezkari eta ez dut nahi. Besterik da nire buruarekin daukadan zorra kokatu nahi dudan moduari dagokionean eta ez diodala uko egin nahi emakume izateari inongo egoeratan eta inongo esparrutan".

 Azken urteotan bertsolaritzan dabiltzan emakumeen arteko topaguneak sortzen hasi dira. "Bertso munduko emakumeen arteko topaketek balioa eduki dute. Hasteko elkar ezagutzeko. Proportzio horretan, gutxiago garenez plazan ere gutxiago kointziditzen dugu eta interes horretatik bakarrik jende asko ezagutu dugu. Egoera pertsonalak, belaunaldi ezberdinek bizi izan ditugunak, bai gauza komunak eta bai desberdinak desglosatu eta konpartitzea ere denontzat izan da ona. Zulo berdinak aurkitu ditugu eta gauzak eramateko oso modu desberdinak ere bai. Abiapuntu bat baino ez da, baina indargune bat zabaldu daiteke bertsogintza osoan landu eta ulertu dadin. Bidea hasi besterik ez da egin. (...) Egiteko dagoen lehenengo gauza da norberak berarengan identifika ditzala ikusten dituen ezinak eta ilusio eta gogoak, eta hortik abiatuta bateratu eta ikusi elkarlanean zer egin daitekeen. Garrantzitsua da norberak identifikatzea bereak. Batzuetan taldeak lagunduko du, baina norberak eseri behar du lehenengo bere buruarekin eta pentsatu".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri