"Bertsotan jarraitu badut, seguru aski, pixkanaka sortzen joan nintzen inguru horri eskerrak izan da"
Bere inguru naturala bereziki bertsozalea izan ez arren, bertsolaritzaren bidez inguru bat osatu duela dio Alaia Martinek. 14 urterekin bertsolari izan nahi zuela erabaki zuela dio, baina plazan ibilita ohartu dela bertsolari izateaz orduan zeukan ideia eta orain daukana desberdinak direla.
Jon Martin anaia izan arren, Alaia Martinek dio ez zeukatela bereziki familia bertsozalea: "Anaia bai bertso-eskolan hasi zela gaztetatik, eta gogoratzen naiz gaztetan aitonarekin bertsotan entzun izana, baina ni uxatu egiten ninduen. Gogoratzen naiz tarteka Karlos Aizpuruarekin elkartzen ginenean xaxatzen ninduela eta ezetz esaten niola. 12 urterekin lagun batzuk apuntatzekotan ziren, eta ni ere animatu egin nintzen. Lehenengo urtean Arkaitz Goikoetxearekin hasi ginen eta nahiko gustura egon ginen. Gero, adinaren kontuak, nik beste motibazio batzuk neuzkan eta gutxi xamar agertzen nintzen bertso-eskolara. Oroitzapena daukat Arkaitz Goikoetxeak behin kalean harrapatu ninduela bertso-eskolako orduetan. Hor hasi nintzen berriro formal xamar (...). 14 bat urterekin hartu nuen errutina hori. Hor hasi nintzen nire lehenengo bertsoak buruz ikasten, orduan eta gaur erreferentetzat izan ditzakedanak; Maialenen bertsoak buruz ikasten, Andonirenak... Orduan hasi nintzen magia bat ikusten bertsoaren mundu horretan. Erabilgarri ikusten ere orduan hasi nintzen. Batez ere bertsoak idazten hasi nintzen nire kontuen inguruan".
"Ihesbide bat zen"
Inguru naturalaz gain, bertsolaritzari lotutako inguru bat osatu zuen Alaia Martinek. "Oiartzun herri bertsozalea da, behintzat bertsolaritza presente egon da urte askoan, baina gazteen artean nire inguruan ez da zaletasun bat izan bertsoa. Kuadrilan baneuzkan pare bat bertsozaleak zirenak eta gero bertso-eskolari esker ezagutu nuen Karmele Mitxelena. Hor hasi nintzen inguru bat sortzen bertsoaren inguruan. Nire inguru naturalean ez nuen lotura hori bizi bertsoarekin, ihesbide bat zen, beste mundu bat (...). Bertsotan jarraitu badut, seguru aski, pixkanaka sortzen joan nintzen inguru horri eskerrak izan da. Zortea izan nuen, adibidez, Karmele Mitxelena oso laguna neukan eta eskolartekoetan bidaia hori dezente konpartitzea tokatu zitzaidan eta motibazio hori baneukan. Bertsolaritzaz gain bertso-inguru guzti horrek jarri zidan amua bertsogintzaz maitemintzeko".
"Geldiunerik ez egoteak lagundu zidan"
Eskolartekoaz oroitzapen ona dauka: "Eskolartekoa ezagutu nuen parte hartu nuenean. Gogoratzen naiz Arkaitz Goikoetxeak esan zidanean fundamentuz hasteko orduan aurkeztu ginela umeen mailan lehenengo aldiz eta orduan pasa ginela lehenengo finalera. Lehia horrek motibatu edo egin gintuen baita ere eta hortik hasi ginen bide hori egiten. Gero etorri ziren idatzietan sari batzuk, finalen bat... Eta hortik aurrera, zortea izan nuen gazte sariketetan kantatzeko aukera izan nuelako, finaltxo batzuk egiteko, eta hor ikusi nuen aurrera segitzeko bidea, oso ondo jakin gabe hurrengo hilabetean jarraituko nuen. Geldiunerik ez egoteak lagundu zidan".
Hala ere, ez dauka argi bertsolari izateak zer esan nahi duen: "Bertsolari izan nahi nuela uste dut erabaki nuela 2004an edo horrela, orain dela hamar urte edo, Eskolarteko baten ondoren, nahiko modu inozentean, ikusi nuenean final batera iritsi nintekeela eta uste nuen pausu bat bakarrik zegoela hortik bertsolari izatera. Orain bertsolaritza gustatzeko arrazoiak askoz anitzagoak dira. Bertsolari izatea zer den orain ere ez nuke jakingo, baina plazan ibilita ohartzen naiz orduan neukan ideia eta orain daukadana desberdinak direla".