"Ikerketa bat egiten denean ondorioen arabera gauzak hobera aldatzen dira"
Mintzolan ikerlariei ematen zaien laguntzaz aritu da, eta baita ikerketak sustatzeko beharraz ere. Gaur egun bertsolaritzaren inguruan martxan dauden ikerketen berri ere eman du.
Deustuko Unibertsitateko ikasleen bisita batean harrapatu dugu Karlos Aizpurua, Bertsozale Elkarteko Ikerketa eragilea: Hirugarren urtea da etortzen direla. Ahozko komunikazioa ikasten dute eta haiek hala eskatuta halako bisita bat eta egitasmoaren aurkezpena egiten zaie. Mintzolaren egitasmoa aurkeztu diegu, labur; Dokumentazio Zentroa erakutsi diegu... Nik uste dut kontent joan direla eta batzuk harrituta. Zer dagoen erakustea eta egiten diren ikerketen berri ematea da helburua. Dokumentazio Zentroan eta Mintzolan dauden ikerketa potentzialen berri ematen ere saiatzen gara, ea ikasleren bat animatzen den bertsolaritza edo ahozkotasuna ikertzera nahi duen talaiatik: antropologiatik, filologiatik, soziologiatik..."
Behin ikerketak martxan jarrita, laguntzen saiatzen direla dio: "Denetariko aholkularitza ematen dugu. Etortzen zaizkigu ikertzaile "handiak" edo, unibertsitateko irakasle direnak, ikerketa zentroetako ikerlariak, tesinak egin nahi dituzten ikasleak, ikerketa-beketarako aurkeztu direnak... Aholkatu, bideratu, kontaktuak eman... Denean saiatzen gara. Hemen aurkituko du, Xenpelar Dokumentazio Zentroan, sekulako altxorra: dokumentazio pila bat sailkatua norberak egin nahi duen ikerketarako bideratua. Denbora, material eta diru pila bat aurrezten ditu horrela".
Martxan dauden ikerketak
Gaur egun bertsolaritzaren inguruan ikerketa bat baino gehiago dagoela martxan azaldu du: "Ikerketa handietan Jone Miren Hernandezena dago: bertsolaritza eta emakumea ikertzen ari da. Miren Artetxe egiten ari dena da bestea: bertsolaritzak nola eragiten duen euskararen berreskuratzean. Hori gainera ikertzen ari da EHUk eta Mintzolak finantziatutako ikerketa kontratu bati esker. EHUko IXA taldeko informatikariak ari dira bi ikerketa egiten, bi doktore-tesi izango direnak: bat poesia automatikoari buruzkoa eta bestea gehiago robotikaren alderditik, bertsolaria nola mugitzen den eta abar... Bi tesiak "Bertsobot" izeneko proiektuan uztartuko dira. Uda bukaeran pentsatzen dugu jasotzea BCBLko neurologoek azken bi urteotan aurrera eramandako ikerketaren ondorioak. Horiek dira handienak. Gero badira txikiagoak. Gainera, seguru aski aurten martxan jarriko dugu beste ikerketa kontratu bat bertsolaritzari buruzkoa. Pentsatzen dugu azaroan izango dela, Euskal Herriko Unibertsitatearekin adostuta, baina horren berri bere garaian emango dugu".
Karlos Aizpuruak garbi dauka ikertzeak balio duela bertsogintzan eta bertsolaritzan eragiteko ere: "Desberdina da bertsolaritza talaia filologikotik ikertzea, horrek seguru asko bertsogintzari ekarriko lioke onura. Ikerketa bat egiten denean ondorioen arabera gauzak aldatu egiten dira hobera, berdin da produkzio-katean, kulturan edo gizartean. Aldiz, antropologiatik edo soziologiatik egiten badira ikerketak balio du jakiteko zertan ari garen eta nola hobetu daitekeen bertsolaritza. Onurak orotarikoak izan daitezke. BCBL egiten ari den ikerketa, bi hitzetan esateko hau da: ikertzen ari da bertsolariaren garunean zer aktibatzen den bertsoa kantatzeko momentuan. 51 pertsona pasa dira eta, ikerketa konparatibo bat denez, ondorio ezberdinak aterako dira; agian bertsolaritzan aritzeak on egiten diola memoriari... Beharbada zaharren egoitzetan antolatu beharko ditugu bertso-eskolak".