Karlos Aizpuruari elkarrizketa 2014-05-29

"Urratsak egin behar ditugu munduan zer dagoen ezagutzeko"

Azken aldian Munduko Kantu Inprobisatua ezagutzeko bidaia bat baino gehiago egin izan da, tartean Kataluniara eta Sardiniara. Horien inguruko azalpenak eman ditu Karlos Aizpuruak.
 2003an Bertsozale Elkarteak Munduko Kantu Inprobisatuaren inguruko topaketak antolatu zituen, hainbat herrialdetako inprobisatzaile eta ikerlariak gonbidatuta. Geroztik, herrialde bat baino gehiagotako inprobisazioak ezagutzeko aukera izan da bertan. Azken hilabeteotan bidaia bat baino gehiago egin izan da. Tartean, Karlos Aizpuruak Kataluniara eta Sardiniara joateko aukera izan du. "Mintzolak bere baitan argi du bertsolaritza dela munduko kantu inprobisatuaren espresio bat gehiago. Beraz, munduan badira gehiago eta zenbaitekin zenbaitetan harremanak ditugu elkarrengandik ikasteko eta gozatzeko. Aurten bi harreman puntual izan ditugu. Euskal Herrira katalanak etorri zaizkigu. 10-12 urteko prozesu batean elkartea sortu dute, sustapenean dezente zabaldu dira, ikastaldiak eta tailerrak egin dituzte... Orain ari dira lantzen Euskal Herrian bezala hezkuntza arautuan glosa lantzeko aukera. Generalitatearekin ari dira harremanean eta zenbait udalekin, eta badirudi posible izango dela hori gauzatzea. Zehazki etorri ziren ikustera Euskal Herrian nola egiten dugun hori badakitelako 20 000 haur baino gehiago ditugula eta ea hori nola egiten dugun eremu ezberdinetan, erdalguneetan... Oso emankorra izan da. Aski harreman teknikoa izan zen. Iaz bi aldiz izan ginen Sabadellen eta oraingoan beraiek etorri dira (...). Orain antolatzen dituzten tailerrak gehiago dira helduentzat eta orain hasi nahi dute gazteagoekin. Tesi doktoral bat dago Albert Casallsena eta bera etorri zen. Horren proiektua da egokituta aplikatu nahi dutena".

 "50 urte atzera egitea izan zen"

 Sardiniako esperientzia desberdina izan da. "Maiatzaren hasieran izan ginen Arrate Illaro, Andoni Egaña eta hirurok eta lan asko egin genuen. Ez hainbeste jendaurrean, gehiago izan zen sukalde-lana. Joan ginen kontatzera zer egiten genuen Mintzolan, Bertsozale Elkartean, zein zen gure proiektua... Transmisioan interesatuta zeuden eta, batez ere, lehen aipatu dugun Miren Artetxeren ikerketa horrekin: nola eragiten duen kantu inprobisatuaren transmisioak hizkuntzaren normalizazioan. Haien egoera linguistikoa aski delikatua da une honetan. Bertso-saio bat ere egin genuen hango inprobisatzaileekin eta bertsolariekin. Nire lana gehiago izan zen gaiak jartzeaz gain itzulpen lanak egitea. Bertso-saioaz eta hitzaldiez aparte lan handiena egin genuen bilera informaletan, bazkalosteetan... Oso emankorra izan zen. Hango egoera, gurea... 50 urte atzera egitea izan zen eta konturatu ginen bertsolaritzaren modernizazioan ze garrantzitsua izan den Bertsozale Elkarteak egin duen lana".

 Euskal Herrikoarekin alderatuz gero, egoera ezberdina aurkitu dutela dio Karlos Aizpuruak: "Han zein da egoera linguistikoa? %60ak badaki sardinieraz baina gero eta gutxiago hitz egiten da. Emakumeek ez omen dute hitz egiten gaizki ematen duelako, hori bada zerbaiten seinale. Hezkuntzan ez da ikasten sardinieraz. Gutxi batzuek lantzen dute baina 30 ordu urtean. Telebistan programa marjinal batzuk soilik ematen dira. Bi dialekto nagusi daude. Nahiz eta hizkuntza bakarraren kontzientzia eduki gehienentzat ezinezkoa da estandar bat egitearen kontua. Inprobisatzeko ere bi ohitura desberdin daude dialekto bakoitzari lotuta. Neurriak, moduak... arrunt desberdinak dira. Marjinalago batzuk ere badaude, baina biak dira nagusi. Cantador eta Cantadori, bakoitza dialekto bakoitzari dagokio. Bertsozale Elkartean proiektu kulturalaren ildoa nagusitu zen sorreran. Helburua zen jaso zen bertsolaritza hurrengo belaunaldietara transmititzea ahalik eta ondoen. Kezka hori Sardinian ez genuen jaso. Inprobisatzaile profesionalak zeuden, eta horien kezka beren buruarekiko zen: ea saiorik izango zuten... Ez zuten kezka kolektibo edo kulturalik. Horregatik ez dago bertso tailerrik, transmisioa naturala da hemen duela asko egiten zen bezala. Dokumentazioa, adibidez, barreiatua dago; inprobisatzaile bakoitzak dauka bere altxorra. Guk esaten genien garrantzitsua zela bertso-eskolak sortzea, dakitena transmititzea... Euskal Herrian gertatu den bezala. Hasieran ez zuten argi esaten, baina kontua da profesionalek ez zutela interes handirik, alderantziz, agian trabak jarriko zituen inprobisazio ikastaldiak emateko, kalkulua egiten zutelako zenbat eta gehiago izan orduan eta saio gutxiago izango ditut nik. Batzuk argi zuten gure ikuspegia, baina horiek amateurrak ziren. Profesionalen inguruan batek edo bestek ulertzen zuten gurea, horregatik gonbidatu gintuzten, baina ikusi egin behar. Eta ez genuen sumatu Euskal Herrian dagoen bezalako bertsozale sarerik. Hemen, zorionez, bertsozaleak prest daude aulkiak jartzeko, dokumentazioa ekartzeko, saioak grabatu eta ekartzeko, Bertsozale Elkarteko batzordeetan parte hartzeko... Han horrelakorik ez genuen sumatu".

 "Bertsoarekin muga guztiak gainditzen ditugu"

 Mundura ateratzearen garrantzia azpimarratu du Karlos Aizpuruak: "Mundura ateratzen garenean bertsoarekin euskaldun bezala ateratzen gara. Askok ez gaituzte ezagutzen eta interesgarria da haientzat, ikusten baikaituzte bide luzea eginda. Eta guri ere on egiten digu beste kantu inprobisatuak ezagutzeak, beste mugimenduak ezagutzeak... bestela, adibidez, segidillan ez zen inprobisatuko hemen, edo beste kantu inprobisatuei buruzko ikerketak ez genituen ezagutuko eta horiek eman ditzakete argibide batzuk bertsolaritzari buruzko ikerketa batzuk egiteko... Urratsak egin behar ditugu munduan zer dagoen ezagutzeko. Eta badugu existitzeko behar bat kultura bat garelako, estaturik gabekoa. Bertsoarekin muga guztiak gainditzen ditugu eta nortasun agiri guztiak; kulturarekin eta hizkuntzarekin".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri