"Esateko modua aldatzen badugu esaten duguna ere aldatzeko modu bat izango dugu"
Aurten "Bertsomovieda" sariketan publikoaren saria irabazi du. Idatzizko bertsoak "funtzio bila" ari direlakoan dago, eta txalotu egin ditu "Bertsomovieda" bezalako sariketak, orokorrean lehiaketetan aldaketa beharra ikusten baitu.
Gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari da "Bertsomovieda" lehiaketa. Aurtengoan, "Sar dadila kalabazan" lana aurkeztu du Jon Martinek zenbait lagunen laguntzarekin, eta publikoaren saria eskuratu. Garbi dauka idatzizko bertsoen funtzioa aldatzen ari dela: "Duela urte asko bertso idatziak bertsolaritzaren zati garrantzitsuena izango ziren, bere historian kronista izan direlako. Gaur egun iruditzen zait funtzio baten bila dabiltzala, eta Bertsomovieda bezalako lehiaketak bete-betean asmatu dutela behar horri leku bat irekitzen. Ez da dagoen modu bakarra: egin daiteke bertso-sorta kantatuen lehiaketa bat, edo hiru bertsoko sorten lehiaketa... Formatuak astinaldi bat merezi duela uste dut, eta "Bertsomovieda"-ren ekimena eredugarria dela zentzu horretan. Hiru urtean parte hartu dugu, ahalegin handia dago lan bakoitzaren atzean, baina bertso-sorta horiek lortu duten entzunaldi kopurua eta sorta horiek berak idatzi eta lehiaketa batera aurkeztuta lortuko luketen zabalkundea ez dira konparagarria. Youtuben zergatik ez bertso-idatzi kantaturik?"
"Norabide batean baina mugitu egin beharko litzateke"
Hala, bertsopaper lehiaketei astinaldi bat ematearen aldekoa da: "Bertsopaper lehiaketak daude funtzio faltan: inertzia hutsez antolatzen jarraitzen dira asko eta funtzioak berrikusi beharko lirateke. Partaidetza bada funtzioa, eta datu asko izan gabe, iruditzen zait jende berdintsuak parte hartzen duela beti lehiaketa hauetan eta ez bereziki kopuru handietan. Zabalkundea bada funtzioa ere, ez dut uste zabalkunde handiegia daukatenik... Norabideren batean baina mugitu egin beharko litzateke. Lehenengo urtean antolatzaileren batek ez du asmatuko, baina saiatuta nik uste joko dutela parean".
Hala ere, arazoa ez da bertsopaper lehiaketena bakarrik, bertso-sortak ere egokitu egin behar direlakoan dago: ""Argia"n argitaratzen diren bertso horiek badute beren funtzioa, egunkarietan ere atera daitezke... Zortzi bertsoko sorta hori lehiaketek estandarizatu dute eta gaurko gizartean zortzi bertso horiek baino kopuru txikiagotan dauka logika. Irrati batean iritzi atal bat bertsotan egitea izan daiteke beste aterabide bat".
Bertso idatziak esperimentazio gune
Jon Martinek aspalditik izan du bertso-sortak idazteko joera, eta joera horrek arrazoi bat baino gehiago baditu ere, garbi dauka nagusiki zer diren bertso idatziak beretzat: "Esperimentatzeko gune bat dira niretzat. Gipuzkoako Txapelketan dezima hura egin nuenean kritikatzen zitzaidan hori bat-batean eta txapelketa batean ez zela egin behar. Neurri batean ados nago, eta neurri batean ez zen lehenengo aldia egiten nuena. Terreno egokia da bertso idatziena eta behin naturalizatu denean bat-batean hobeto exekutatua eta hobeto ulertua izango da. Hemendik urte batzuetara egongo dira ni baino dezente hobeto dezimatzen duten bertsolariak, naturalago eta txikitan hasi direlako ariketa hori egiten. Beta oso aberats bat dago dezimagintzan: esateko modua aldatzen badugu esaten duguna ere aldatzeko modu bat izango dugu. Esploratzeko beldur pixka bat badagoela iruditzen zait. Idatziz egitea errazagoa da horrelako gauzak. Beste ideia arraro batzuk ere baditut buruan: bertsoaren errimatzeko moduarekin zerikusia daukatenak... Egin daitezke gauzak, beti zentzu baten barruan eta esperimentazio baten barruan, interesgarri direnak. Nire emaitza ez da, agian, zoragarria izango baina agian beste bati beste bide bat zabalduko dio. Funtzio garrantzitsuena, bertso idatziena, nik nire buruari egiten diodana da. Niretzat terapia moduko bat izan da bertsoak idaztea. Gaur egun gutxi idazten ditut eta normalean helburu konkretu batekin, baina garai batean behar bat zen".