Jon Martini elkarrizketa 2014-06-19

"Nik uste nire buruarentzat kantatzen edo idazten tematu behar dudala"

Oso gazterik nabarmendu zen txapelketetan eta geroztik ibilbide luzea osatu du oiartzuarrak. Gaur egun bereziki bertso-saio musikatuetan gozatzen duela dio, eta bertsotan "baieztapen borobil eta zapaltzaileak" egitea gero eta gehiago kostatzen zaiola.
 Jon Martin oso gazterik nabarmendu zen txapelketetan. Hamar urte baino gehiago pasa dira jada artean mutiko gaztetxo zela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan buruz burukora iritsi zenetik. Geroztik txapelketetan askotan agertu izan da oholtzan, eta saio askotatik pasa da. "Ez dakit nire ibilbidearen ze momentutan nagoen. Neke dezente sorrarazten dit txapelketa batean parte hartzeak. Txikitatik lehiaren zurrunbiloan ibili nintzen eta oso natural bizi izan nituen lehia haiek, eta iritsi zen nire bizitzan momentu bat non lehia horiek kuestionatzen hasi nintzen, baina beranduegi zen txapelketaren kontrako izateko lortu ditudan gauza asko txapelketari zor dizkiodalako, baina nahiko kritiko sentitzen naiz barrura begira. Iruditzen zait kultura eta txapelketa batzuetan ez liratekeela uztartu beharko, baina erantzunak baino galdera gehiago dauzkat. Bat-batean gozatzen ari naiz, batez ere bertso-saio musikatuetan, agian zailtasuna gehitzearen ondorioz. Bertsotan egitea erraz edo bihurtzen den momentuan beste aliziente bat sartu diogu, musikarena. Nik uste asmatzen dugula tematika lantzeko, doinu batzuekin lotzeko... Beiraren proiektua ere hori da. Konturatzen naiz plazan gai askok ez dutela kabidarik, eta baldin balute ere ez lukeela zentzu handirik izango, nire oso barruko gauzak bat-batean agertzeak arriskua baitakar. Idatzizko aterabide honek beste arnas bat ematen dit. Bertsotan inoizko gehien ari naiz gozatzen, inoizko gutxien praktikatuta".

 "Gero eta zailagoa da baieztapen borobil eta zapaltzaileak egitea"

 "Beira" proiektuak bilakaera bat izan duen bezala, bere bat-bateko jardunak ere aldaketak izan dituela dio: "Bat-batean batez ere jarritako gaiei kantatzen diet. Beraz, ez dago aukeratzeko aukera askorik, muga batzuen barruan daukagu askatasuna. Gero eta zailagoa da, heltzen goazen neurrian, baieztapen borobil eta zapaltzaileak egitea eta gero eta galdera gehiago sortzen zaizkigula. Zalantza horretan bertsoak balore gehiago hartzen du, nahiz eta baieztapen borobil batek luzimendu gehiago eduki. Ni gehiago asetzen nau gaur egun esaten dudanak duela urte batzuk esaten nuenak baino".

 Baieztapen "borobilei" alde egitearen joera orokorra ote den galdetuta, halaxe dio: "Zenbat eta helduago, jendeak baieztapenak utzi eta sujerentzia eta kritika gehiago egiten dituela uste dut. Baina bertsolaritzaz hitz egitea mugimendu bakar bat balitz bezala ez dakit egokia den. Bertsolaritzan bakoitza non kokatua dagoen oso ikuspegi desberdina dauka bertsolaritzari buruz".

 "Hobe da originala izatea"

 Beraz, aurrera begira helburu argi bat jarri dio bere buruari: bere buruarentzat kantatu edo idaztea: "Azkenean gero eta bertsolari gehiago daude bertsotan zoragarri egiten dutenak, eta aportatu dezakeena bertsolari bakoitzak da bere burutik datorren berezitasun hori. Nik nire burua asetzeko kantatuko dut, idatziko dut, eta horrek norbaiti balio badio biri balio digu. Besteentzat kantatzea, besteen antza izatea baino hobe da originala izatea. Gauzak gustatuko ez direla jakinda ere kantatzeak badu bere alde positiboa. Nahiago dut minoria batentzat garrantzitsua izan gehiengo batentzat bat gehiago izatea baino".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri