Jon Martini elkarrizketa 2014-06-19

"Bakoitzak badu bere historia, baina batzuek historia gehiago dute"

Kantuetako letrak idazten "gozatu" egiten duela dio Jon Martinek, eta are gehiago prozesu osoa berak kontrolatzen duenean. Kantu batzuk besteak baino gertuago sentitzen baditu ere, ez du uste "perfekzioa" beharrezkoa denik.
 Jon Martinek idatzitako letrek ahots asko hartu izan dituzte. Oraingoan, ordea, bere ahotsa jartzea erabaki du: "Konturatzen naiz gehien gustatzen zaidan gauzetako bat dela kantetarako letrak egitea. Norbaitek melodia pasatzen didanean eta letra bat egiten dudanean satisfakzio handia ematen dit bukatzean ikusteak nola geratzen den. Hasieratik zuk kontrolatzen duzun prozesua denean oraindik gehiago asebetetzen du. Kanta asko ez daude eginak kanta bat egin behar nuelako, baizik eta letra horiek atera behar zutelako; atera ziren eta atera ziren momentutik hilabete batzuk utzi nituen pasatzen eta lagun bati bidali nizkion berak musika zitzan. Eta nire hitzei oso ondo doitzen zaien musika bat ekartzen dit bueltan. Eta ikusteak dena hain ondo ezkontzen dela sekulako satisfakzioa ematen dit. Kontzertua baino gehiago betetzen nau jakiteak norbait egongo dela kantu hori entzuten gozatuz. 2006an kanta bat grabatu genuen, "Bakardadeak", eta ikustea zenbat jenderi iruditu zitzaion kanta polita, zenbat jendek ikasi duen buruz... Ditudan kanta guztiak bildu eta horrela atera ditut kalera".

 "Denak ez du perfekzioa izan behar"

 Kantu batzuk besteak baino gertuago sentitzen ditu "Beira"-ren diskoan: "Badaude kanta batzuk nire antologia batean sartuko nituzkeenak dudarik gabe, "Bakardadeak", edo "Dena ez denean ezer"... Baina beste kanta batzuen letrak ez dira hain benetakoak. Badaude kanta batzuk melodiatik abiatu eta gero letra egindakoak, eta horrek ez du txarrago egiten, baina kariño gutxiago diot. Bakoitzak badu bere historia, baina batzuek historia gehiago dute. Nik uste denak ez duela perfekzioa izan behar, egon daitezkeela kanta errazagoak ere, lehenengo entzunaldian hartzen direnak".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri