"Urte gehiegi daramatzat bertsolari izaten orain kantari kontsideratzeko"
Publikoan bi talde izan dituzte kontzertuetan: "letrak buruz zekizkitenak" eta kontzertu batean lehen aldiz entzun dituztenak. Gustura dago emaitzarekin, nahiz eta "bertsolari estiloari" lotutako itxura estatikoa izan. Ahotsean ahalik eta "kantarien" izaten saiatzen dela dio.
Jon Martinen bertsoak dira, beraz, "Beira" taldearen oinarri, baina, kantuak dira edo bertso musikatuak? "Nik uste ez dagoela definitu beharrik kantak diren edo bertsoak diren. Diskoa hartzen duen bertsozaleak bertsoak ikusiko ditu eta musikazaleak kantak. Musikazale baten estandarrerako luzeegiak izango dira agian, asko kostatzen zaigulako sei minututik beherako kantak egitea, eta bertsozale batentzat bertsoen esentzia mantentzen du, non eta ez den oso purista eta dezimak ere bertso kontsideratzen dituen".
Bi eratako zaleak
Kontzertuen errepasoa egiten hasita, publikoaren aniztasuna nabarmentzen du Jon Martinek: "Badaude hasi eta buka letra guztiak dakizkitenak, eta beste batzuk lehenengo aldiz entzuten dituzte. Kontzertu osoan letrak barneratzen aritzea nekagarria izan daiteke. Konturatu ginen irakurtzeko euskarri bat edukitzea ez legokeela soberan, eta azkeneko bi kontzertuetan letrak banatu dizkiogu publikoari. Horrek alde txar bat du, publikoak paperera begiratzen badu ez duelako begiratzen ikuskizuna edo oholtza gainekoa. Ez dit asko molestatzen, bertsolaritik kantarirako pausua oso deserosoa baita. Bertsolariei uzten zaie beraien desafinoak egiten, eta kantari izanda horrelako gauzak ez egiteko presioa sentitzen da. Baina gure helburua da dena zentralizatzea oholtzaren gainean. Zenbait kontzertutan ari gara bideojockey baten figura sartzen eta honek lehen hartutako bideoak jarri, filtroak sartu, konbinatu... egiten ditu".
Publikoari lotuta, sentipen bereziak izan ditu. "Oso zuzeneko desberdinak eduki ditugu. Izan ditugu udaletik deitu eta publiko oso fidela, kopuru duinetan zegoena; betetako gaztetxeak eta erdi hutsik zeuden tabernak... Baina bi perfil horiek zeuden: letra guztiak buruz zekizkitenak eta lehen aldiz kontzertu horretan entzun gaituztenak. Publikoak norberak kantatu behar duena jakitea txokantea egiten da; ohituta gaude publikoak ez jakitera zer esatera goazen bat-batean ari garelako, baina hori etengabe kontzertu batean sentitzea oso sentipen kuriosoa da".
Bertsolaria kantari
Bertsotan eta kantuan, gehienetan oholtza gainean egiten bada ere, oso jarduera desberdinak direlakoan dago Jon Martin, eta iraganaren pisua nabaritzen du: "Urte gehiegi daramatzat bertsolari izaten orain kantari kontsideratzeko. Saiatzen naiz kantari izaten ahotsari dagokionez. Baina kantari lanaren zati bat bada mugitzea, dantza egitea... Eta horretan ez naiz oso eroso sentitzen. Publikoarekin hitz egin eta kantak azaltzen gero eta erosoago sentitzen naiz, baina oraindik ere kosta egiten zait. Nire gitarristak ohituta daude frontman bat edukitzera aurrean, oso talde heavya izanda are gehiago. Ni oso estatikoa naiz, baina hori bertsolari estiloaren barruan dagoela esango nuke eta nire izaeraren parte ere bada: ni ez naiz batere eroso sentitzen jendaurrean bertsoa ez den ezer egiten".