Ahoa Bete Hots 2014-07-03

Transmisioa ez da matematika

Gaur bete dute bigarren eguna Ahoa Bete Hots jardunaldiek. Joseba Tapia, Jon Sarasua eta Antton Luku aritu dira hizketan. Tradizioa eta berrikuntza, jarraidura eta irekidura hartu dituzte gaitzat.
 Bigarren eguna bete dute gaur Ahoa Bete Hots jardunaldiek Villabonako Subijana Etxean. Hiru hitzaldi eta mahai-ingurua izan dituzte gaur eta, bihar jardunaldiak borobildu aurretik, eztabaida sakonean aritu dira Joseba Tapia, Jon Sarasua eta Antton Luku.

  Tradizioa sormenerako tresna

 Hasieratik argi utzi du Joseba Tapiak (Lasarte, 1964) musika ez dela matematika. Solfeoa zientzia zehatz bat da, musika matematikoki azaltzeko ahalegin bat, baina beti iristen da artistaren bat dena kolokan jartzen duena. Eta kolokan jarritako hori lege bilakatzen da azkenean. Hala, bere kasutik abiatuta, kantagintzarekin izan duen harremana azaldu du gaurko hitzaldian.

 Bertso idatziekin deskubritu zuen kantagintza: Txirritaren Pasaiako Grebarenak, Otañorenak, Iparragirrerenak, Kopla Zaharrak, Egañazpirenak, Amurizarenak... Azaldu duenez, kantua, beretzat, sormenezko espazio artistikoa da, ez da denbora-pasa hutsa. Kantuak tradiziotik eta berrikuntzatik, bietatik har dezake, eta uneoro ibiliko da folklore bilakatzeko arriskuan, bereziki "komunitate akonplejatuetan". Azken finean, bere garaian ere euskal kantagintzarekin "fosil bat" nahi omen zuen botereak. Eta Laboak Bertol Bretch kantatu zuen, eta euskal poetak... eta asmatu egin zuen. Laboari lotuta, orkestrarekin egindako ahaleginekin zalantzak agertu ditu, egoki egin ezean "estandarizatzeko" arriskua ikusten duelako. Zentzu horretan, "sekula ez iristearen sentsazioa" eduki behar duelakoan dago, konformatzea arriskutsua baita.

 Transmisioari dagokionez, berak zer lortzeko egin nahi den pentsatuko luke lehenengo, hau da, ez luke tradizio osoa hartuko. Eta hartutako hori eraldatu egingo luke, tradizioak sormena lantzeko tartea uzten baitu. "Marketing presiorik gabe" sortzearen alde egin du, beti politikoki zuzenak ez izatearen alde.


 Jon Sarasua: Jarraidura eta irekidura

 Bertsolari eta ikerlaria da Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966), eta transmisioaren inguruko begirada orokor bat ematen ahalegintzeaz gain bereziki bertsolaritzan bizi izandako esperientziekin jantzi du kontaketa. Azaldu duenez, transmisioan etengabekoa da jarraiduraren, alegia, jaso dugun fluxu horretan kokatzearen eta irekiduraren, hau da, kanpoko eraginak jasotzearen arteko tentsioa. Hala, etorri izanaren emaitza da garena. Euskaldunon kasuan, hizkuntza komunitate minorizatu izateak jarraidura-sen berezia eman digulakoan dago. Hor kokatu du azken 50 urteotan hizkuntza-biziberritzean egindako ahalegina: ikastolak, euskara batua, euskal kulturgintza modernoa...

 Bere kasuan, jarraidura-sen hori nabarmen ikusten duela esan du. Bertsoen corpus handi bat barneratuz hasi zen bertso-eskolan; dantzan ikasi zuen; trikitixa eta txistua ere bai... Ikastoletako lehenengo belaunaldikoa izanik, beregan nabarmen ikusi du gurasoek jarraidurari begira egindako ahalegina.

 Transmisiorako lau gune zehaztu ditu gaurko hitzaldian: hezkuntza arautua, bide ez formalak, herri dinamika eta familia. Gaur egun bakoitzak duen pisua aldatu egin delakoan dago, eta beste bi gune ere aurkeztu ditu: hedabideak eta teknologia berriak. Galdera berrien aurrean, erroetara jotzearen alde egin du.

 Bertsolaritzan jarraidura-sena Bertsozale Elkartea sortu aurrekoa delakoan dago; Elkartea sortu ondoren sena estrategia bilakatu zen. Bertso-eskolak sortu ziren, hezkuntza arauturako pausua eman zen.... Dena den, bi galdera plazaratu ditu gaurko hitzaldian. Batetik, "bertsoak egiteko teknika eta gaurko elitearen estiloa transmititzen diren moduan transmititzen al da bertso-kulturaren emari zabalagoa?" Eta, bestetik, "bertso-eskolen sare hori ez ote genuke zabaldu beharko beste diziplina batzuetara?".

 Etorkizunerako erronken artean festa eta ospakizuna berrasmatzean jarri du fokua gaurko hitzaldian. Horri begira, bertsolaritzaren "teknifikazioa" ez dela aski esan du, eta galdera bat plazaratu: "euskal kultura popularraren eskolak ere sortu beharko genituzke?". Kalitatea eta komunitate-sena uztartzen asmatu behar delakoan dago.


 Libertimendua transmisio-bide

 Azken urteotan zeresana eman du Antton Luku (San Francisco, 1959) irakasle eta antzerki idazleak. "Euskal kultura?" eta "Libertimenduaz" liburuetan zalantzan jarri ditu gaur egun indarrean dauden zenbait egitura eta pentsamendu, eta liburu horietatik abiatuta egin du gaurko hitzaldia. Joseba Tapiaren esanei lotuta, kultura ez dela matematika azaldu du, baina Jon Sarasuak azaldutako "fluxu" horren baitan kokatuta, zientifikoa ez dena ere egia dela. Etorkizunerako erronka moduan jarri du putzu bat sortzea nahiko ur daukana horizontalean (belaunaldi bereko kideen artean) eta bertikalean (belaunaldi ezberdinen artean) igeri egiteko. Horretarako tresna moduan ikusten du libertimendua; ez tradizioari eusteko, sistema bezala baizik.

 Frantziar estatuan kultura bezala hartua izateko frantses kulturaren "kopia" egin izan delakoan dago, eta euskal kulturak hortik atera beharra daukala, bere burua berriz asmatu. Hala, kulturaren transmisio naturala galduko den herrietan Sehaskak betetzen duen funtzioa hil edo bizikotzat du, baina etxean transmisio naturala dagoen lekuetan galdera bat egin behar dela azaldu du: zer transmititu behar da Sehaskan eta zer etxean? Libertimendua martxan jartzeak aukera ematen omen du dakienak transmititzeko, umea "uraren horizontalean eta bertikalean" kokatzeko. Bestela, hizkuntzari funtzioak kentzeko arriskua ikusten du, kultura folklorizatzekoa. Kultura arautzeak kultura higatzea dakar bere iritziz.

 Ipar Euskal Herrian gauza asko egin dira azken 50 urteotan bere ustez, baina komunitate osoa hartu behar da aintzat. Zalantza dauka BECen ari den bertsolaria komunitate osora heltzen ote den; Xalbador komunitate osora heltzen zela azpimarratu du. Hala, diziplinak nahastearen alde egin du apustua. Iparraldean, berezko kulturaren gainetik kanpoko ereduak ezarri zirelakoan dago, "eliteak kopiatzeko". Berak kontrakoa egingo luke: erne egon eta Euskal Herrian bizirik dagoen hori hartu. Dantzariak jakin behar du zein den bere dantzaren funtsa, sinbolismoa. Ikuskizuna ez baita beti erritual.

 Beraz, antzerkia transmisio tresna bezala ikusten du: kalitatea bai baina fluxuan kokatuta, tradizioan. Beraz, herrian ari diren guztiek zirtzil, bertsolari edo dantzari rolak probatzearen alde egin du.


 Eguna borobiltzeko, hirurek mahai-ingurua egin dute Eñaut Gantxegik gidatuta.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri