Lesakako jaialdia 2014-07-22

Zapi gorriz jantzitako bertsoak

Gorria eta txuria, Lesakak sanferminetan duen "koloria". Jaietako egun nagusia ospatzen dute uztailaren 7an eta egun handian ezin falta bertsoak. Arrano Elkarteak antolatuta, Eneko Fernandez, Amets Arzallus, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Erika Lagoma igo ziren oholtzara kantura.
Lesakan Ezpatadantzarien emanaldia izaten da uztailaren 7-ko ekimen nagusia eta Plaza Zaharra herritar eta bisitariz bete ohi da Mutil-dantza, Neska-dantza, Aurresku eta Jotak ikusteko.

Horren jarraian  hasten da hitzen dantza. "Bi nafar eta BEC-eko podiuma", horrela aurkeztu zuen Iban Garro gai-jartzaileak oholtzara igo zen boskotea. Eneko Fernandez eta Erika Lagoma nafarrak eta Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza BEC-eko "podium-tarrak".

Lehenengo aldiz kiosko aurreko hesia kenduta bertsolariak eta entzuleak plaza berean eta oso-osorik. Elkarren bistara, elkarrengandik gertuago... eskertzekoa aldaketa. 

Iban Garro lesakarra aritu zen gai-emaile lanetan bertako bertso-eskolako kideek jarritako gaiak aurkezten. Gaiak umoretik eta zorroztasunetik jarriak. Ohi bezala, bakarkako lanak serioagoak izan ziren ofizioak baino. Dena den, binaka kantatzeko jarritako gaiek ere bazuten nondik sakondu.

Ofizio aipagarrienetako bat Igor eta Enekok osatutakoa. "Enpresa berean lanean aritutako langilea eta enkargatua. Biak jubilatuta, "jubilotekan" ari dira iraganaz eta enpresako esperientziez hizketan"

Gai polita jarri zien Maialen eta Erikari, izan ere "maiteminduta bai baina pasioa galduta daude biak eta horrexen bila joan dira Lesakara parrandara. Elkarri baino gehiago begiratzen diote ingurukoei"

Ametsek bakarka gai-emaileak esandako hainbat zenbakiren inguruan kantatu zuen. Eneko, Maialen eta Amets telebistako lehiaketa batean murgildu ziren eta saioaren amaieran, Erika eta Eneko elkarlanean aritu ziren kantuan Habaneran. Eneko eta Erika bertso-saioaren aurretik dantzan aritu ziren dantzarien lekuan jarri zituen aurkezleak eta hartu zuten kritikarako tartea ere.




Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa