Bertsoa Unibertsitatean 2014-07-09

Bertsoa eta mundua, generoa eta paradoxak

Iñaki Murua, Ainhoa Agirreazaldegi eta Jone Miren Hernandez izan dira gaur hizlari "Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan" ikastaroko azken egunean.
 Gaur bukatu da "Bertsoa Unibertsitatean" zikloko lehenengo ikastaroa: "Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan". Hiru hitzaldi izan dira.

 Iñaki Muruak iaz Mexikon inprobisatzaileen topaketa batean egindako egonaldiaren berri eman du. Azaldu duenez, bertsolarientzat lasaitasun bat izan zen munduan bakarrak ez zirela ohartzea. Euskara traba baino aberastasun bezala ikusten du nazioartera jauzia ematerako garaian. Euskal Herrirako ikasgai bat ekarri zuen, gainera, bereziki handik: estatua daukaten kulturak ere konplexuz beteta daude, beraz ezinbestekoa da mugimendua aktibo eta lanean edukitzea, inoren zain egon gabe.

 Ainhoa Agirrezaldegik bertsolaritzan emakumeek egindako bidea aztertzeaz gain bertsolaritzan emakume izatearen kontzientzia nola piztu zitzaion azaldu du. Ezer ez dela neutroa dio: emakume bertsolaria lehenago izan dela "emakume" "bertsolari" baino; gizonezkoen kasuan ez da hori gertatu izan. Gorputzak ezkutatzen ziren garaietatik jauzi batzuk eman badira ere, oraindik ikusten du non hobetua: emakumeak bertso-munduan sartu arren, emakumeen mundua ez du oraindik nahi bezain presente ikusten gaietan, tonuetan...

 Jardunaldiak bukatzeko, Jone Miren Hernandez antropologoaren txanda izan da. Gazteekin egindako ikerketa batetik abiatuta, azaldu du gizartean berdintasunaren diskurtsoarekin ustezko adostasuna egon arren praktikan gatazkak sortzen direla. Bertsolaritzari lotuta, hiru paradoxa azaldu ditu: ustez gorputzak ia presentziarik ez duen jardun batean emakumetasuna nola oztopo izan den historia osoan zehar; arrazoiaren gehiegizko pisua emozioen munduaren aurrean eta inprobisazioak munduan egoteko beste modu bat dakarren arren, bertsolaritza jardun kolektiboa izanik adostasunak lortzea zaila dela.

 
 "Bertsolaritza eta beste sorbideak" bihar

 Bihar beste ikastaro bat hasiko da Donostiako Miramar jauregian: "Bertsolaritza eta beste sorbideak". Goizeko 9:15ean Maialen Lujanbiok hasiko du ikastaroa, "Bertsolaritza eta jendaurreko ikuskHITZunak" hitzaldiarekin. Ondoren, Unai Iturriagak bertsolaritzaren eta komikigintzaren arteko zubiak aztartuko ditu. Bukatzeko, Andoni Egaña bertsolaritzaz eta zutabegintzaz ariko da. Ikastaroetan izena emateko aukera dago oraindik.

 Arratsaldean, berriz, goizean esandakoak praktikara eramango dituzte, Jon Martinek gidatuta: "Gai edozertarako". Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga ariko dira bertsotan eta Ixak Arrutik lagunduko die gitarrarekin. Saioa dohakoa izango da, baina bertara joateko gonbidapena eskuratu beharko da Bertsozale Elkartera deituta.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa