Bai, mundiala. Bertso-saio mundiala egin zuten Algortan. Saio berezia, urtean urtean gai jakin baten inguruan aritzen dira kantuan eta aurten flora hartu dute mintzagai. Jon Maia, Fredi Paia, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Jone Uria bertso-loreak Aitzol De Castro lorezainaren lorategian.
Algortako bertso-eskolak urtero antolatzen du bertso-saio mundiala. Bihotz Alai plazako oholtza dotore prestatzen dute urtean urteko gaiaren arabera eta oholtzaren aurrekaldea ere txukun 800 lagun inguruk saioaz gozatu ahal izateko.
Aurtengo saiorako motiboa, Flora izan da. Zuhaitzak, loreak, landareak, giza-gorputzeko flora, errimen margaritak... denetarik hartu zuen kantugai oholtzara igotako seikoteak. Jon Maia, Fredi Paia, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Jone Uria bertso-loreak Aitzol De Castro lorezainaren lorategian.
Berezitasun asko izan ohi ditu bertso-saio mundialak, pare bat aipatzearren: aurrez aipatutakoa lehena, saioaren gai orokorrarena alegia. Eta bigarrena, jolasen erabileraren nagusitasuna. Gainontzeko jaialdietan noizean behin erabiltzen dira bertsotarako jolasak eta mozorroak, eta Algortako jaialdi honetan bertsoaldi guztietan ez bada gehienetan ageri da gaia jartzeko modu bereziren bat.
Hasiera bikaina izan zuen saioak. Lehen ofizioa Andoni eta Maialenena: bi zuhaitz, Maialen hosto iraunkorrak dituena beti bere ideiei gogor eutsiz; Andoni berriz, hosto galkorrekin erabat ideiak berritzen.
Jarraian Jon eta Fredi: Fredi lorezain txarra, gurasoak oporretara joandakoan beti ximeltzen zaizkio etxeko loreak. Aurten, Jon aitona utzi dute Frediren zaintzan. Fredik loreak baino hobeto zainduko ote du Jon-ek Fredi biloba?
Bi orduko saioan zaila dasaioa goian mantetzea eta gora-beheratsu joan zen. Emanaldiaren erdi-aldera animatu zen berriz saioa: Andonik sortutako errimen margaritekin puntuak erantzuten Jone, Maialen eta Andoni.
Segidan, ALBESTATek eginiko inkesta hartu zuten bertsotarako gai. Sei landare/zuhaitz jarri zituzten aukeran: alga, haritza, marihuana, tila, perrexila eta kaktusa. Entzuleei galdetu zieten ea bertsolari bakoitza zein landarerekin lotuko luketen eta inkestaren emaitzak jakin aurretik bertsolariek aukeratu zuten landare bana. Bertsoaldi polita atera zen. Dena den, aipagarria da bertsoaldi honetan Andonik egin zuena. Aurreko ariketan (errimen margaritena) erabilitako puntu berak kantatu zituen bertsoaldi honetan. Entzuleak ohartu egin ziren eta txalo-zaparrada ederra jaso zuen. Memoria-lan ederra...
Bukatzeko, Jon eta Maialen jarri zituzten kantuan. Jon erlea Maialen lorea polinizatu nahian. Elkarrizketa polita, umoretsua eta zorrotza Maialen eta Jon-ek ohi duten moduan.