Bertso-jaialdia Villabonan 2014-08-05

Bertso-erromeria

Villabonako plaza handia da baina txiki geratu zen Xantio jaietako bertso-saioan. Urteroko ohiturari jarraituz sei bertsolari, Amaia Agirre gai-jartzaile eta bertsozale asko aulkietan.
Jaiaren epizentroa hartu zuen bertsoak, Villabonako plaza nagusia, eta hori ez da leku askotan gertatzen. Epizentro indartsua, jendetsua eta arrakastatsua; urtez urte ahuldadeak jo gabe.

800 lagun inguru elkartu ziren Villabonako Santio jaietako bertso-jaialdian. Euskal Jaia ospatu zuten uztailaren 26an eta ohi duten moduan, egitarau horren baitan egin zuten saioa. Herritar askok parte hartu zuen egun osoko ekimenetan eta inguruko herrietatik ere gerturatu zen jendea gauean. 

Sei bertsolari oholtzan: Unai Mendizabal, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzaile lanetan Amaia Agirre herritarra.

Unai Mendizabal,  zizurkildarra eta seikotean gazteena. Bertsozaleei ezezagunena egingo ote zitzaien beldurrez-edo, burua aurkezteko eskatu zion Amaia Agirrek jarri zizkion sei puntuetako lehenengoan. Oso ondo erantzun zituen puntuak.

Unai Mendizabalek eta Alaia Martinek osatutako bertsoaldiak soka luzea ekarri zuen saioan. Alaia Martin adineko emakumea mugikorra erostera joan da Unairen dendara. Jarraian Andoni Egañak bakarkako lana egin zuen saio aurretik villabonarrekin izandako elkarrizketen inguruan eta Alaia amona gogoratu zuen. Lehen aipatu izan dugun moduan, bertsolariek eta bertsozaleek partekatzen dituzten erreferentzia horiek balio handia ematen diote elkarren arteko komunikazioari.

Erromerien eguna zen Euskal Jaia eta erromerian elkartu zituen Amaiak Beñat eta Maialen gaztetxoak.. Elkarrekin dantzatzera gerturatu nahi eta lotsaz, batek pausoa aurrera eman eta besteak atzera...

Dagoeneko urruti ikusiko badugu ere Frantziako Tourra martxan zen Villabonako jaietan eta Maialen eta Amets senar-emazteak Tourrari begira jarri ziren. Bat gustura eta bestea beste plan baten eskean...

Eta saioaren amaieran umorea nagusia. Maialen Lujanbio haurtzaindegiko irakasleak azaldu zuen atzeko bost haurrak norekin, ze jarrerarekin... joaten ziren haurtzaindegira eta azken ariketan, Alaia Martin eta Andoni Egaña hitz-asmakizunetan.












Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-11

Nerea Elustondo, hortzak zorroztuta Eibarrera bidean

Igotz Alkorta Irastortza

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza