Uztailaren 25ean, urtero bezala, bertso-saioa egin zuten jaietan. Uxue Alberdi, Arkaitz Estiballes, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina aritu ziren bertsotan.
Uztailaren 25ean, urtero bezala, bertso-saioa egin zuten Elizondoko jaietan. Plazan dantza-saioa bukatu ondoren, alde batean kokatutako aulkietan eta harmailetan eseri ziren bertsozaleak, saioa jarraitzeko. Honako bertsolari hauek kantatu zuten Fernando Anbustegiren esanetara:
Sustrai Colina
Aitor Sarriegi
Arkaitz Estiballes
Uxue Alberdi
Festa-giroko bertso-saioa izan zen, eta horri lotutako gaiek hartu zuten saioaren zati handiena. Hala, saioa hasteko eguneko plazan galdetu zien Fernando Anbustegik laurei, baina perfila emanda. Saioa berotzen hasi ziren horrela. Ondoren, igaro berri ziren Iruñeko San Ferminetan kokatu zituen gaiak Uxue Alberdi eta Aitor Sarriegi. Haur txiki bat zeukaten biek, jaten ez ziena. Baina San Ferminek gosea itzularazi zion nonbait. Umoretik ekin zioten bertsolariek.
Festa-giroan murgildu ziren Arkaitz Estiballes eta Sustrai Colina ere. Kuadrila berekoak izan arren, festa bizitzeko modu ezberdinak zituzten biek. Arkaitz Estiballesek lan egiten zuen festetan, eta Sustrai Colinak jan eta edan. Ondo aritu ziren elkarri erantzunez.
Ondoren, serioago jarri zen saioa. Uxue Alberdi neska beharrean gizon jarri balitz nolakoa izango zen imajinatzeko eskatu zion Fernando Anbustegik. Elgoibartarrak mutil-dantzen afera ekarri zuen akordura, eta bertsoaldi ederra osatu zuen.
Berriz ere taldean eta ofiziotan egiteko lanak itzuli ziren ondoren: Arkaitz Estiballesek atzekoekin ekitaldi bat antolatu behar izan zuen lehenengo. Ondoren, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina Froome eta Contadorren paperean jarri ziren Tourrari begira, umoretsu. Uxue Alberdi eta Arkaitz Estiballes, berriz, festa giroan aritu ziren: Arkaitz Estiballesek Uxue Alberdi dentista gaupasa eginda harrapatu zuen kontsultara joan aurretik.
Sustrai Colinak atzekoei kantari ere ariketa polita osatu zuen. Ostatuko jabea izanik, oporretarako ordezko bila aritu zen atzekoekin, saioan zehar kantatutako erreferentziei helduta bereziki.
Arkaitz Estiballesek eta Aitor Sarriegik Arrantzale Bizardunentzako bide berriak asmatu zituzten gero, eta Uxue Alberdi eta Aitor Sarriegi ardo-probaketan aritu ziren. Bukatzeko, puntutan aritu ziren. Normalean librean egiten den saioa izan arren, gaia izan zuten Elizondon. Komunikazio arazoak dituen familia bateko kideak dira laurak. Festetan, ordea, goizeko lauretan gainditu dituzte arazoak. Ederki aritu ziren laurak.
Azkenean, agur banarekin bukatu zen saioa.