Gaur Gasteizen hiru saio izango dira eta Elgoibarren, Zumaian eta Getarian bana; bihar Gasteizen bi eta Getxon beste bat eta igandean Berriatuan, Gernika-Lumon, Berastegin eta Gabirian.
Bertso-saioz beteta dator abuztuko bigarren asteburuan. Gaur bertan sei saio daude iragarrita, horietatik hiru Gasteizen. Eguerdiko 13:30ean, egunero bezala, bertso-jaialdia izango da Aihotz Plazan. Gaur Iñaki Viñaspre, Felipe Zelaieta, Iratxe Ibarra eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan, Beñat Garaioren aginduetara.
Ordu berean baina Txosnagunean beste bertso-saio bat izango da. Maialen Kortabarria izango da gai-jartzaile eta Sustrai Colina, Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Onintza Enbeita jardungo dira bertsotan.
Iluntzean, berriz, 21:00etan, "Bertso-fusion" saio berezia eskainiko dute Iñaki Viñasprek eta Iker Pastorrek Arabako Bertsozale Elkartearen txosnan.
Elgoibarko San Lorenzo auzoan, berriz, bertso-afaria egingo dute gaur iluntzean Uxue Alberdik eta Anjel Mari Peñagarikanok.
Zumaian, eguerdiko 12:00etan, balkoitik balkoira ariko dira Julio Soto eta Igor Elortza Sanjuaniturrin.
Azkenik, Getarian, libreko saioa egingo dute Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak plazan eguerdiko 13:30ean.
Bihar beste hiru saio daude iragarrita. Gasteizen, eguerdian, Aihotz Plazan jaialdia izango da 13:30ean Maialen Lujanbio, Ruben Sanchez, Xabi Igoa eta Eneko Fernandezekin. Idoia Beitia izango dute gai-jartzaile.
Ondoren, iluntzeko 21:00etan, Arabako Bertsozale Elkartearen txosnan "Bertso-kinito" saio berezia izango da.
Getxon, berriz, Erromoko txosnagunean, Aitor Mendiluzek eta Oihana Bartrak bertso-poteoa egingo dute iluntzeko 19:00etan.
Bukatzeko, etzi beste lau saio izango dira. Berriatuko Asterrika auzoan librean ariko dira Igor Elortza eta Jon Maia iluntzeko 19:00etan.
Gernika-Lumon jaialdia egingo dute gaueko 22:00etan Lurgorri auzoan. Sebastian Lizaso, Jone Uria, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga ariko dira bertsotan Josu Goikoetxearen aginduetara.
Berastegin ere jaialdia egingo dute urtero bezala. Arratsaldeko 18:30ean izango da saioa eta Amaia Agirre aurkezle dela Julio Soto, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Iker Zubeldia jardungo dira kantuan.
Bukatzeko, Gabirian, San Lorentzo eguna dela eta, bertso-afaria egingo da Korta Jatetxean iluntzeko 21:00etan. Jexux Mari Irazu eta Iker Zubeldia ariko dira bertsotan.