Abuztuaren 4an plazan aritu ziren Sustrai Colina, Jone Uria, Iñigo Mantzizidor "Mantxi" eta Jon Maia. Eguerdiko saioa entzutera jende ugari bertaratu zen.
Etxarri-Aranatzen, urtero bertso-jaialdia egiten da festetan. Aurten abuztuaren 4an izan zen saioa, astelehenez eta eguerdiz. Saioa hasi aurretik jendea taberna inguruan bazebilen ere, agurrak entzun orduko bete ziren kiosko parean prestatutako aulkiak eta inguruak. Lau bertsolari atera ziren oholtzara: Sustrai Colina, Jone Uria, Iñigo Mantzizidor "Mantxi" eta Jon Maia. Gai-jartzaile lanetan herritar bat izan zuten: Eneko Lazkoz.
Festetako saioa izanik, bertako gaiak izan zituzten gehienbat. Hala, hasteko adierazpen askatasunaren inguruan aritu ziren lau bertsolariak, udaletxeko balkoian ikurriña jartzeko baimena ukatu zutela eta.
Ofiziotako lanetan ere bertako gaiak izan zituzten. Jone Uria eta Mantxi bi herritar izan ziren. Beste askoren ohiturari segika, Mantxik oporretara joateko erabakia hartu du festak iritsi orduko. Jone Uria ez dago hain seguru. Umoretik aritu ziren kantuan.
Jon Maiak ere Sakanako gai bat izan zuen kantagai. Donostia 2016rako San Juan baleontzia berreraikitzeko haritzak moztu dituzte Sakanan, 200. Herrian ezinegona sortu du gaiak. Jon Maia bertako langilea denez, defendatzeko aukera eman zion Eneko Lazkozek. Dotore erantzun zuen zumaiarrak.
Saioa pixkanaka gorantz zihoan, eta bide beretik eutsi zion hurrengo lanetan ere. Sustrai Colinak eta Jone Uriak umorez kantatu zuten bi zinegotziren paperean. Festetan urteroko ohitura denez, haur jaioberriei zapiak janzten ari dira. Denek negar egiten dute ordea.
Mantxi ere dotore aritu zen atzekoei kantuan. Hiru nafar dira beste hiru bertsolariak, eta Zarauzko hondartzara joanda, galderak egingo dizkiote herritarrari.
Sustrai Colina ere atzekoei kantuan aritu zen ondoren. Atzeko bakoitza ze animalia zen asmatu behar izan zuen, eta atzekoek erantzun.
Jon Maia eta Mantxi ere umoretsu aritu ziren Etxarriko plazan Playback-a egiten.
Jone Uriak puntuei erantzun zien segidan, eta Jon Maia eta Sustrai Colina librean aritu ziren segidillan. Bukatzeko, puntutan aritu ziren lau bertsolariak. Saioko bertsoaldi onenak entzungai daude Bertsoa.com-en.