Bilboko jaialdia 2014-08-26

Eltxoek ere gozatzen dute bertsoekin

Eltxoek ere gozatzen dute bertsoekin
Abuztuaren 21ean Anjel Mari Peñagarikano, Uxue Alberdi, Etxahun Lekue eta Julio Soto aritu ziren Santiago Plazan Urtzi Urrutikoetxearen esanetara. Bertsoaldi onenak ikusgai daude Bertsoa.com-en.
 Bilboko Aste Nagusian badira urteak egunero-egunero Santiago Plazan bertso-saioak egiten direla. Aurtengoan ere hala izan da, eta, urtero bezala, ia egunero bete da plaza. Bertsoa.com-eko kamara abuztuaren 21eko saiora joan zen, eguraldia lagun. Anjel Mari Peñagarikano, Uxue Alberdi, Etxahun Lekue eta Julio Soto aritu ziren, Urtzi Urrutikoetxea gidari hartuta.

 Ohikoa den gisan, saioak umoretik izan zuen gehienbat. Hasiera-hasieratik, parranda giroan kokatu zituen Urtzi Urrutikoetxeak bertsolariak. Anjel Mari Peñagarikano eta Uxue Alberdi txosna guztietan poteatu nahian atera ziren, baina hamabosgarrenerako nekatu ziren. Anjel Mari Peñagarikano umoretsu hasi zen, kantua gogoan Maria Jesusi 16.a eskatuaz, eta Uxue Alberdik primeran gidatu zuen Bilboko txosnetan barrena. Julio Sotok eta Etxahun Lekuek txanponaren beste aldea ezagutu zuten: ajearena, alegia. Aurreko bertsoaldiko erreferentziekin osatu zuten berena.

 Anjel Mari Peñagarikano Athletic-zale porrokatua da. San Mames Berriako palkotik bakarka kantatu zuen.

 Aktualitateko gaia izan zuten Etxahun Lekuek eta Uxue Alberdik ere. Eskoziako erreferenduma ikustera joandako EH Bildu eta EAJko kideak ziren biak, hegazkin berean topo egin zutenak. Ironia handiz josi zuten bertsoaldia, elkarri erantzunez.

 Ofiziokako lanak utzita, Julio Soto eltxoa atzekoek nolako odola zeukaten azaltzen aritu zen, umoretsu. Asmatu zuen gorritiarrak, eta baita atzekoek ere erantzunetan.

 Serioago aritu zen Uxue Alberdi. Parrandan zebilela hurbildutako bati ezezkoa eman ondoren, "bordea" zela erantzun zion honek. Sinesgarritasun eta indar handiz kantatu zuen.

 Saioa gorenean zegoen ofiziotako lanetara itzuli zirenean. Etxahun Lekuek eta Anjel Mari Peñagarikanok ere seriotik jo zuten bi polizoiren paperetik. Bilboko portuan zeuden biak, barku batean, baina poliziak ez zien ateratzen uzten eta barkutik entzuten zuten festaren hotsa. Doinu hunkigarria hartuta, ondo osatu zuten bertsoaldia.

 Uxue Alberdik eta Julio Sotok uda izan zuten kantagai. Oporretara deskonektatzera joan zen Uxue, baina Juliok ez zuen telefonorik eta ordenagailurik itzaltzen. Saio umoretsua osatu zuten.

 Azkeneko gaia Etxahun Lekuerentzat izan zen. Marijaiaren paperean, ispilu aurrean kokatu zen larrabetzuarra. Zortziko handian lan polita osatu zuen.

 Azkenik, ohikoa den bezala, puntuka aritu ziren bertsolariak, agurrak bota aurretik. Anjel Mari Peñagarikanok oholtza ondoko Iberdrolako erakusleihoari egin zion erreferentzia berean, entzuleen algararako.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa