"Ez da Kasualitatea" bertso-saio musikatuan aritu ziren Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Ainhoa Agirreazaldegi eta Jone Uria, Amaia Agirre gidari eta Garikoitz Otamendi eta Igor Arruabarrena musikari hartuta. Saio polita atera zen.
Joan zen larunbatean "Ez da Kasualitatea" bertso-saio musikatua egin zuten Laudion, jaietan, txosnagunean. Aulkirik jarri ez bazen ere jendetza bildu zen oholtzaren parean. Iluntzeko 20:30ak pasatxo zirela atera ziren oholtzara lau bertsolariak: Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Ainhoa Agirreazaldegi eta Jone Uria. Ez ziren bakarrik irten, ordea, beraiekin batera zirelako Amaia Agirre gai-jartzailea, Garikoitz Otamendi biolinista eta Igor Arruabarrena gitarra-jolea.
Saioak festa ukitua izan zuen gehienetan. Uda bukatzear den honetan, agurrak eskatu zizkien Amaia Agirrek, baina baldintza batekin: kopla bakoitzean "uda badoa" edo "badoa uda" bezalako esamoldeak sartu behar zituzten. Ariketak aurrera egin ahala bertsolariek neurria hartu zioten giroari, eta berotzen joan zen saioa.
Ofiziotako lanak iritsi ziren ondoren. Uxue Alberdik eta Ainhoa Agirreazaldegik, "Blowing in the wind" doinuan kantatu zuten hasteko. Ainhoa amak eta Uxue alabak eztabaida asko izan dituzte azken aldian. Orain, ordea, Uxue ama izan da eta zerbait berezia sentitu du Ainhoak Uxueren alaba besoetan hartu duenean. Xamurtasunez kantatu zuten bi bertsolariek, sinesgarritasun handiz, eta saio ona osatu zuten.
Umoretsuagoa izan zen Jone Uria eta Oihana Bartrarena. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa gerturatzear den honetan, buru-belarri sartua dago Jone. Oihanak, aldiz, lasai hartzen du. "Pello Joxepe" doinuan aritu ziren, elkarri erantzunez.
Ofiziotako lanen ondoren, denak elkarrekin nekazalturismo batera bidali zituen Amaia Agirrek. Hiru gela daude, ordea. Bitan ohe txikiak daude, eta bestean handia. Lau bertsolarietako batek ligatzeko gogoa dauka ordea. Elkarri zirika eta bizi egin zuten bertsotan "Volando voy" doinuan.
Berriz ere ofizioak iritsi ziren gero. Hasteko, Jone Uria eta Ainhoa Agirreazaldegi Laudioz edo Arabaz kantari aritu ziren hiru esaldi oinarri hartuta: "Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau...", "Euskara bihotzean, erdera ahoan" eta "Araba, zazpigarren alaba". Lan zaila bazen ere asmatu zuten esaera guztiak bertsotara ekartzen.
Uxue Alberdi eta Oihana Bartra trenean aritu ziren kantuan, bi mutilen larruan. Elkarren ondoan eserita daude, gauez, eta Uxuek leihoko kristalean islatuta ikusi du Oihanak zer idatzi duen mugikorrean: "Ez dakizu nire ondokoa ze ona dagoen...". Uxuek Oihana tentatzea erabaki du. Hemen ere saio umoretsua osatu zuten, elkar tentatuz. Asmatu zuten publikoarekin konektatzen.
Hirukotea altxa zen gero: Uxue Alberdi, Oihana Bartra eta Ainhoa Agirreazaldegi, Abuztuaren 24ra eraman zituen Amaia Agirrek, futbol ligaren hasierara. Kopletan, garbi utzi zuten Liga ez dutela askorik maite.
Jone Uriak estereotipoei kantatu zien bakarka, habaneran, bertsoaldi sakona eta borobila osatzeko.
Azkeneko gaia laurentzat izan zen, bero zegoen publikoa gehiago tentatzeko. Bakoitzak helburu bat eraman zuen Laudiora: Uxue Alberdik piropo bat jaso nahi zuen; Oihana Bartrak norbaitek tragoa ateratzea; Ainhoa Agirrezaldegik publikoko bi lagunek elkar besarkatzea eta Jone Uriak publikoak olatuarena egitea. Laurek lortu zuten helburua bertsoei esker.
Bukatzeko, "John Zaharra" doinuan bota zituzten agurrak, eta publikoak gogotik txalotu zituen bertsolariak.