Larunbat gauean jendetza bildu zen Amezketako plazan, 900 entzuletik gora izan dira Euzkitzeren eta Egañaren arteko bertso desafioan. Azpeitiako bertsolariak ez ditu aspaldian plaza asko egin baina arrazoi aski indartsua zuen larunbatean: 250 urte beteko dira aurten Pernando Amezketarra jaio zela. Antolatzaileek txukun prestatu zuten Amezketako plaza eta bertsolariek ondo erantzun zuten. Garaiko jantzian, kantuan indartsu kantuan eta Zabala nahiz Txabalategiren gipuzkera markatuan egin zituzten ordu erdiko bi saio Euzkitzek eta Egañak. Desafioko irudiok EITBk utziak dira aurrerapen gisara. Desafioa urriaren hamaikan ikusi ahal izango da ETBn.
Larunbat gauean jendetza bildu zen Amezketako plazan, 900 entzuletik gora izan dira Euzkitzeren eta Egañaren arteko bertso desafioan. Azpeitiako bertsolariak ez ditu aspaldian plaza asko egin baina arrazoi aski indartsua zuen larunbatean: 250 urte beteko dira aurten Pernando Amezketarra jaio zela. Antolatzaileek txukun prestatu zuten Amezketako plaza eta bertsolariek ondo erantzun zuten. Garaiko jantzian, kantuan indartsu kantuan eta Zabala nahiz Txabalategiren gipuzkera markatuan egin zituzten ordu erdiko bi saio Euzkitzek eta Egañak.
1801. urteko desafioaz azalpenak Gazta eta ardoa dastatu ostean Pernando Amezketarra epaile aritu zeneko desafioa berritu zuten. Mimoz egin dute lan Amezketan. Atarian Joxe Mari Oterminek eman zituen azalpen guztiak: komuneko buelta seinalatu, telebista saio bat egiteko beharrezko aginduak eman eta historia pixka bat eskaini zituen EITBko agintari ohiak. Izaro Iraetak berritu zituen ondoren XIX. mende hasieran jokatutako apustuaren xehetasunak: Joxe Joakin Erroizenea Txabalategi hernaniarrarenak egiten Xabier Eguzkitze jarri zuten eta Andoni Egaña Amezketako Juan Inazio Zabalaren paperean. Bixente Gorostidik egin zituen Pernandorenak, Anjel Mari Peñagarikano eta Ruben Etxeberria izan zituen ondoan epaile lanetan.
Irrintziaren ostean atera ziren epaileak. Bina bertsotan bertsolariak aurkeztu eta tapa-tapa hasi ziren Txabalategi eta Zabala. Erreferentzia historikoak ongi baliatu zituzten lehen zatian: “4000 kristau bildu omen gera agian dira gehiegi” abestu zuen Euskitzek. Garaiko erronka moldean ziztatu zuen Zabala. Saio ostean esan zigunez erraz eta gustura aritu zen Euzkitze: “garrantzia eman diot garaiko euskarara gerturatzeko ahaleginari”. Ondo baliatu zituzten desafioaren erreferentziak eta momentuko kontestua. Hona hemen adibide bat:
Egañak (azken bi puntuak): “Zu bezelako bertsolariak hogei gara Amezketan, beste hiru-lau Bedaion eta beste sei Abaltzisketan”.
Euzkitzek (azken bi puntuak): “Esan duenez ni adinakoak herrian badira non nahi… Txindokin haize asko da baina honen buruan ere bai”.
Egañak (azken bi puntuak): “Hemen bertsotan segi behar dugu ordu eta erdi bi ordu; bertsolariak nor baldin bada haize pixka bat behar du”.
Bigarren zatian ez zioten elkarri zirika hasteko tentazioari heldu. Zabala eta Txabalategiren paperean jarraitu zuten zuzen. Egañak garbi esan zigun saio ostean: “askotan etenak ez du asko laguntzen. Ni gustura ari nintzen, Euzkitzek ondo aurkeztu ditu esku artean genituen datu eta erreferentziak; ni berriz erantzuten saiatu naiz, ahalik eta zuzenen erantzuten”. Zortziko handian aritu ostean puntuka egin eta bederatziko txikian amaitu zuten saioa. Bideoan jasoak dituzue.
Egañak eta Euzkitzek lanak amaituta, Bixente Gorostidik abestu zuen duela 213 urte Pernando Amezketarrak kantatutako bertsoa. Ondoren Egañak eta Euskitzek hartu zuten bertso batean plaza agurtzeko lana. Txabalategi eta Zabalaren paperak utzita agurtu ziren biak:
Bixente Gorostidi (Pernando Amezketarra): “Ezin gentzake bada beste gauzik egin: nik gogoan neukena dezue hitz egin. Utzi behar ditugu biak berdin-berdin Gipuzkoa guztiak har dezan atsegin”.
Egaña: “Festarik ez baitugu betiko izaten. Hasi beharko dugu agur esaten! Etorri zaretenoi eskerrak ematen. Xabier azaldu duk “Hik zenbat dezaken!” Rima errepikapen, baldar eta kirten atera zitekeen potorik ez da irten. Ia ETBk ere ez du egiten”
Euzkitzek: Txabalategik Zabala igual hautsi ahal izango zuen baina, Euzkitzek behintzat Andonirik ez eta zuek ezin engaña. Txisturik eta trumoirik behintzat ez da izan alajaina. Mila esker zuei, mila esker zuei eta bereziki Egaña. Eginarekin konforme noa hobeto nahi nuen baina.