Zizurkilgo Beheko plaza berrituan egin zuten bertso-jaialdia pasa den asteartean. Amets Arzallus, Alaia Martin, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza aritu ziren bertsotan eta Amaia Agirre gai-jartzaile lanetan.
Bitan dago banatuta Zizurkil, goikoa eta behekoa. Abuztuan ospatu zituzten jaiak goiko Zizurkilen eta hango bertso-saioak arrakasta handia badu ere, beheko auzoan egiten dutena ez da atzean geratzen.
Amets Arzallus, Alaia Martin, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza aritu ziren bertsotan eta Amaia Agirre gai-jartzaile lanetan.
Pasa den asteartean egin zuten bertso-jaialdia Beheko Plaza berrituan. Itxuraldatuta dago plaza eta horrela kantatu zuen Ametsek hasierako agurrean, "ea bertsotan estreinu on bat / ematen diogun behintzat"
Eta estreinu ona eman zioten. Irailan eta ikasturtea hasita arrotz egiten da jaigiroa astearte buruzurian baina zizurkildarrek bazuten oraindik parrandarako indarra eta jende asko elkartu zen oholtza inguruan.
Batik bat, aktualitateko gaiak jarri zizkien Amaia Agirrek baina umore-kutsuarekin bat baino gehiago. Esaterako, bertso-saioari hasiera emateko laurak aulkitik altxarazi eta Katalunia jarri zien bertsotarako gai. Zizurkil eta Kataluniako Lladó herrien arteko senidetzea aitzaki hartuta, lau zizurkildarrak Castellers edo giza-gaztelua eraiki nahian jarri zituen. Umoretsu hasi ziren eta horrela kantatu zuen Igor Elortzak lehenengo bueltan "ta hori nola kaltza liteken / pentsatzeai diot ekin / Ametsen pare izan naiteke / Alaiaren takoiekin". Baina bigarren bueltan Katalunian erabakitze-eskubidearen alde egiten ari diren lana ekarri zuten gogora, hauxe Igorrek berak abestutakoa: "guk mila espantu bai baina haiek/ izan dute nahiko arte/umiltasunez ikas dezagun / gauzak ondo egin arte"
Barre-algara ozenak eragin zituen entzuleen artean Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusek osatutako bertsoaldiak. Zizurkilgo bikote gazte baten lekua hartu zuten Maialen eta Ametsek. Babes ofizialeko etxebizitzan bizi dira eta Amets logela lekuz aldatu nahian dabil bizilagunen gaueko soinuek traba egiten diotelako. Honela aurkeztu zuen gaia Ametsek: "alboko hoiek hor ari dira / inbidi emanez bezela / gainera uste dut mikron batekin / anplifikatzen dutela". Eta umoretik jarraitu zuen Maialenek "baina zergatik gela mugitu / hobe onartu pikea / beraiek gauez hasitakoan / guk koruak egitea". Imajina dezakezue nolakoa izan zuen segida...
Arraroetan arraroena Igor Elortza eta Maialen Lujanbiori jarritako gaia. Aurkezpenaren ondoren inork ez genekien zer moduz aterako zen bertsoaldia baina hortan ere artistak, gai irrealenari ere badakite nola kantatu Maialen eta Igorrek. Zaila da modu ulergarrian azaltzea eta onena bertsoaldia bera entzutea izango duzue.
Dena dela, jaietan egon arren hausnartu beharreko gertaerak ere izaten dira gure inguruan eta gai umoretsuekin tartekatuz, gogoetara ere bideratu zituen bertsolariak Amaia Agirrek. Alaia Martini lau hitz aurkeztu zizkion bertsotarako: plastiko beltza, esku zuria, txaloa eta txistua. Alardeari buruz abestu zuen Alaiak "ukatzea da askotan / beltzen jartzen gaituena / eta burutan daukagu / plastikorikan beltzena" Hiru bertso osatu zituen eta bigarreneanhauxe: "baina inpotentziz batzutan / atera zaizkit bi malko / nire adineko neskak / txistuka dabiltzalako" eta borobiltzeko "tabernan, eskolan edo / festa giroan alarde / bizi nahi dugu behingoan / baimenik eskatu gabe".
Aurreko bertsoaldiaren tonu berean abestu zuten Amets Arzallus eta Alaia Martinek harrera-etxe bateko bi langileren ahoetatik. Amets urte asko lanean daraman langilearen lekuan eta Alaia praktiketan, lan horretarako gai sentitzen ez dela.
Kontuak kontu, asteartea buruzuria izan arren jaigiroan zegoen Zizurkilgo Beheko plaza eta jaietako tonuan agurtu zituen Igor Elortzak zizurkildarrak "ahal duenak festa ein dezala / egingo dio mesede / ta gogo haundia baldin badauka / baita ezin duenak ere"