Bigarren ikasturtea are gehiago gozatzeko gogotsu
Aretxabaletako Lekaixoka bertso-eskolak urrian ekingo dio bigarren ikasturteari. Horretarako, ikasturterako dituen asmoak eta eskaintzak ezagutarazten ariko da asteon hasi eta iraila bukatu bitartean. Lehen ikasturtean bezala, gaztetxo, gazte eta helduentzako ikasturte osorako bertso-eskolak antolatu ditu bigarren ikasturtea oraindik gehiago gozatzeko gogoz.
Lehen Hezkuntzako 4. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara arteko gaztetxo eta gazteen bertso-eskolak dinamizatzeaz Xabier Arenaza (Aretxabaleta, 1989) eta Martin Berrizbeitia (Aretxabaleta, 1992) Aretxabaletako bertsozaleak arduratuko dira. Helduen taldeko kideak ere badira biak. Arenazak iaz gaztetxo eta gazteekin gogotsu indartutako bidea oraindik gehiago sendotuko dute Berrizbeitiak eta biek elkarlanean. Hala, gaztetxoek eta gazteek astean ordubetez bertsozaletasuna eta ahozkotasuna deskubrituz gozatu ahalko dute, aisialdian. Bi dinamizatzaileak arduratu dira ikasturterik erakargarriena eta gozagarriena lantzeaz. Iaz bezala, eskoletan parte hartzeko nahikoa da nahi izatea. Aurten ere eskolak Arkupe Kultur Etxean izango dira.
Lehen hezkuntzako 4. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara arteko eskaintza ezagutarazteko eta bertso-eskolako giroa azaltzeko, Kurtzebarri eskolan eta Arizmendi ikastolako Almen gunean gelaz gela saio labur zoro samarrak egingo dituzte ostiral goizean honetan dinamizatzaileek eta bertso-eskolako hainbat kidek. Horretaz gainera, bertso-eskola nolakoa den jakiteko adin tarte horretarako bertso-eskola irekia antolatu du Lekaixokak: datorren asteartean, hilaren 16an, 17:30ean, Arkupe Kultur Etxean. Ikasturte hasieran izena eman dutenekin eta euren arduradunekin hitzordua egingo da ikasturteko asmoak partekatzeko.
17 urtetik gorako gazteekin gazte taldea osatu gura du lehen aldiz Lekaixoka bertso-eskolak. Adin jira horretako gazteentzako eta helduentzako eskaintzaren azkenak zehazten ari da ikasturterik erakargarriena eta gozagarriena izateko. Eskaintza zehazten asteon bukatuko du, eta datorren astean ezagutaraziko ditu gazteei eta helduei dagozkienak. Gazte horientzat eta helduentzat ere bertso-eskola irekia egingo da hilaren 24an, 19:00etan, bertso-eskola ezagut dezaten.
Iaz bezala, izen-ematea 50 euro izango da urtean, eta epe bakarrean ala bi epetan ordaindu ahalko da. Ordainketa lehen hilea igarotakoan egingo da, bertso-eskolak zertan datzan ikusi ostean. Irailaren 15etik irailaren 26ra arte eman ahalko da izena Arkupe kultur etxeko harreran. Eskolen egun eta orduak partadaideen artean erabakiko dira. Inork edozelako zalantzarik edo proposamenik izanez gero, Arkupe kultur etxeko harreran edota lekaixoka@gmail.com helbidean argituko dira. Ikasturtea urriarekin batera hasiko da.
ESKOLAK BAINO GOZAMEN HANDIAGOA
Lekaixoka bertso-eskola gozamena ez da eskoletara bakarrik mugatzen. Izan ere, aurreko ikasturtean, eskolez haragoko 18 ekintzatan ere gozatu genuen: saioak, irteerak, egun bereziak, ekitaldiak, neurriko lehiaketak… Horietako batzuk bertso-eskolako guztiak elkarrekin gozatu genituen, eta beste batzuk, ekintzak hala eskatzen zuenean, zegokion adin taldeetan. Aurten, gainera, aurreko ikasturtean egituraketa lanetan jarritako indarra, ekintzak indartzen eta berriak sortzen jarri ahalko dugu. Izan ere, Lekaixoka bertso-eskolak bertsozaletasuna herrian bertan garatzeko aukerak ere sortu gura izan ditu, eta lan horretan gogotsu jarraituko du oraindik gehiago gozatzeko.
Ekintza horietako asko herriko erakunde, elkarte eta eragileekin elkarlanean eta elkartasunean antolatu ditu. Horixe jarri zuen helburu iaz, eta aurten, horretan indar egiten gogotsu jarraituko du elkarlanerako eta elkartasunerako bideak zabalduz eta bideak ahalik zabalenak izan daitezen bermatuz.