Ferixa Nausiko jaiak Elorrion 2014-09-16

Azkenorduko aldaketen saioa

Casajara jauregiaren kanpokaldean egitekoa zen saioa Arriola antzokian izan zen azkenorduan giroa asko nahastu zelako. Igor Elortzaren ordez Aitor Mendiluze izan zen kantuan Uxue Alberdi, Eneko Abasolo "Abarkas" eta Sustrai Colinarekin batera. Maite Berriozabalek egin zituen gai-jartzaile lanak.
Ferixa Nausiko jaiak ospatu dituzte Elorrion asteburu honetan eta urtero moduan bertso-jaialdia igandean. Uxue Alberdi, Sustrai Colina, Eneko Abasolo "Abarkas" eta Igor Elortza kartelean baina durangarra ondoezik zegoela-eta, Aitor Mendiluze izan zen oholtzan igotzen laugarrena. Gai-jartzaile lanetan Maite Berriozabal aritu zen.

Beti ez omen dute leku berean egiten saioa eta aurten, Casajara jauregiaren kanpokaldean izatekoa zen. Leku polita, txukun-txukun prestatu zuten emanaldirako. Baina "norbaitek"  ez zuen gustuko izango; saioa hasteko orduerdi falta zela, beltz-beltz jarri zen zerua eta haserre balego bezala bota zuen. Hori bota beharra! Azkenean, handik gertu dagoen Arriola antzokian egitea erabaki zuten antolatzaileek.  Dena den, Eneko Abasolo "Abarkas"-ek hasierako agurrean kantatu bezala "zuek eta gu egonez gero / lekuak ez du inporta" .

Pisu handiko gaiekin hasi zuen saioa Maite Berriozabalek: Aitor Mendiluze eta Uxue Alberdi aitona-bilobak III. Mundu Gerra hastearen arriskuaz aritu ziren, Aitor aitona beldurtuta dagoelako irratian entzun duenagatik. Ondo baino hobeto bete zuen norberak bere rola eta elkarrizketa goxoa eraiki zuten. Honela hasi zuen bertsoaldia Uxuek: "nahizta batzutan notizi onak / badiren oso tarteka / zu lasai egon hortik egirik / eztute esaten eta"  Eta Aitorrek hurrengo bertsoan: "esan didazu irrati zahar hau / dela gezurrez beterik / baina ez nuke nahi hasi ta gero / egia zen jakiterik" . Bertsoaldia amaitzeko Uxuek  : "baina amonak esaten zuen / gerra bezperan sin falta / sotoan jarri behar direla / xaboia eta patata". Aitorrek errematea:   "zure aititaren buru zahar honek / beldurra besterik ez du / ez kaso egin agure honi / baina esanak ez ahaztu"

Tonu horri eutsi zien beste hiruzpalau bertsoalditan: Sustrai Colina eta Eneko Abasolo "Abarkas" Kataluniari buruz, Uxue Alberdi Abortoaren Legearen Erreforma mintzagai hartuta eta Aitor Mendiluze eta Eneko Abasolo "Abarkas" aita hil berriaren trasteroan miatzen.

Hortik aurrera, erabat aldatu zen saioaren tonua. Kontraesankorra badirudi ere, laborategian hasi ziren bertsolariak barreak eragiten. Uxue Alberdi, Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze laborategian ikerketarako erabiltzen dituzten hiru saguren lekuan jarri zituen Maite Berriozabalek. Zehazki, drogekin egiten dituzte frogak eta Aitor Mendiluze horrela sentitzen da  "munduak mila buelta / ia eman ditu / geldirik nago eta / ezin naiz gelditu".

Ferixa Nausiko jaiei ere egin zieten keinua bertsolariek. Karrozen jaitsierak arrakasta izaten omen du herrian eta adinez aurreratuak egon arren,  Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina ere animatu dira parte hartzera. Hitz-joko polita egin zuen Sustrai Colinak lehen bertsoan   "gaurko hontan hementxe / gaude azken finean / karroza bat azpian / eta bi gainean"

Eta saioari amaiera emateko barre-terapia. Bertsolariek ez dute ohiturarik eta hemen gorputz-espresioa lantzeko aukera izan zuten: irrifarrez kantari, eskuak aske eta ondoko lagunari eskua emanda. Bertsogintza, terapia, antzerkia, jolasa.... denetik izan zuen bertsoaldiak eta entzuleek eskertu zuten bertsolarien saiakera.




Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri