Milaka Argi Nafarroan kanpainaren baitan antolatu zuen bertso-saioa IKA euskaltegien koordinakundeak. Igor Elortza, Jon Maia, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Julio Soto kantari Alaitz Rekondo gai-jartzailearen agindutara
Larunbatean arratsaldeko 19:00etan zen hitzordua Atarrabian, bertso-saio erakargarria antolatu baitzuen IKA euskaltegien koordinakundeak Milaka Argi Nafarroan kanpainaren baitan. Jon Maia, Igor Elortza, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Julio Soto igo ziren oholtzara Alaitz Rekondo gai-jartzailearekin batera.
18:00ak alderako hasi ziren euskaltzale eta bertsozaleak Atarrabiako kultur-etxera gerturatzen. Julio Sotok abestu zuen moduan "baina irudipena dut / zerbait aldatzear dela" ; eta han ziren ia guztiek izango zuten irudipen hori. Izan ere, badirudi Nafarroa euskaldunaren bidean ari dela zerbait mugitzen, larunbatean txiki utzi baitzuten kultur-etxeko Gune Eszenikoa han ziren ia 400 entzulek.
Euskalduntze eta alfabetatzearen alde egiten du lan IKA-k Nafarroan eta Araban eta bertso-saioan ere gai horren inguruan aritu ziren behin baino gehiagotan. Diru-aguntzak jaitsi direla-eta Sustrai Colinak hauxe abestu zuen hasierako agurrean: "diru-publiko gabe gelditu / den hontan euskal tribua / sekula baino gehio eskertzen da / publikoaren dirua"
Goxo-goxo eman zion hasiera saioari Alaitz Rekondok Anje Duhalderen "Etxekoandre" abestiarekin. Kantuak dio "Maita, maita, maita nazazu gutxio; goza, goza, goza nazazu gehiago" eta bertsolariek hitz horietatik abiatuta ale politak sortu zituzten euskararekiko maitasunaren eta berarekin gozatzeari buruz.
Bertsoaldi horren jarraian altxarazi zituen Alaitz Rekondok Julio Soto eta Amets Arzallus. Duela urte batzuk barnetegian elkar ezagutu eta orain kalean elkar topo egin duten bi lagunen lekuan jarri ziren bertsolariak. Erreferentzia zuzenak egin zizkien aurreko bertsoaldiari eta honela kantatu zuen lehen bertsoan Ametsek: "ni ere ez nintzen maitatzera joan / gozatzera joan nintzen"
Euskararekin gozatzeko moduetako bat da bera ahoan hartuta umorea egitea eta horretarako aukera asko izan zuten emanaldian: Jon Maia Nafarroako hainbat eskualdetan erabiltzen dituzten hitzen esanahia asmatzen edota Igor Elortza eta Amets Arzallus etorkizuneko Nafarroa euskaldunean Miguel Sanz eta Yolanda Barcinaren rolean.
Bertso-jaialdi ederra euskaraz gozatuz eta gozaraziz