Behin iraila amaituta plazatik aretora sartu ohi dira bertsolarien aulkiak baina leku-aldaketa baino lehen ospatzen dira Irurako jaiak. Urtero moduan, igandez egin dute bertso-saioa plazan eta kantuan Aitor Mendiluze, Anjel Mari Peñagarikano, Jone Uria eta Amets Arzallus. Gai-jartzaile lanak Naroa Sasietak egin ditu aurtengoan.
Behin iraila amaituta plazatik aretora sartu ohi dira bertsolarien aulkiak baina leku-aldaketa baino lehen ospatzen dira Irurako jaiak. Urtero moduan, igandez egin zuten bertso-saioa plazan eta kantuan Aitor Mendiluze, Anjel Mari Peñagarikano, Jone Uria eta Amets Arzallus. Gai-jartzaile lanak Naroa Sasietak egin zituen.
Aizkolariak gogor aritu ziren lanean bertsolarien aurretik eta bi erakustaldiak lotu nahian horrela kantatu zuen Amets Arzallusek hasierako agurrean: "guk denak ebakiko / ditteu banan-banan / gero zuek ezpalak / etxera eraman"
Ofizio politak osatu zituzten saioaren hasieran. Lehendabizi, Amets Arzallus eta Anjel Mari Peñagarikano aita-semeak, Amets gazteak euren jaioleku eta bizileku izan den baserri zaharretik kalera bizitzera joan nahi duela-eta. Serio hasi ziren biak eta Anjel Mari Peñagarikanok lehen bertsoan: "ene semea nei ez zidazu / holako disgustoik eman" eta Ametsek erantzun: "disgustagarri ez al litzake / hemen triste egotea" . Baina bertsoaldia aurrera joan ahala tonoz aldatu honela kantatu zuen Peñak bere azken bertsoan: "txakurrak koxka egingo dizu / ez zaitu ezagutuko-ta" eta Ametsek: "atzeko atetik sartuko naiz / afaltzera etortzean"
Jarraian, Jone Uria eta Aitor Mendiluze altxarazi zituen aulkietatik Naroa Sasietak. Ama eta emaztea hil berri zaien aita-alaben lekutik abestu zuten. Aita triste ikusita, alaba bisitan joan zaio. Elkarrizketa goxoa, sinesgarria osatu zuten Jone eta Aitorrek. eta horrela amaitu zuten bertsoaldia. Aitorrek : "zuri entzunda sentitzen baitet / orain onartu beharra / ni enaizela amarengatik / triste dagoen bakarra" eta Jonek: "bere parte bat badaukat nigan / eta naiz jakiteko gai / sinets ezazu ez zintuzkela / amak hala ikusi nahi"
Salbuespenak salbuespen, saioaren erditik aurrera umorezko gaiak proposatu zizkien Naroa Sasietak: Amets udaltzaingoa Aitor Mendiluzeri isuna jarri nahian edota Jone katua Amets arrainari begira-begira...
Lehen aipatutako salbuespen horietakoa izan zen Aitor Mendiluzeren bakarkakoa. Honela zioen gaiak: Nahi bai baina ezin. Ez da lehenengo aldia etsitzeko zorian zaudela baina beti aurrera jarraitu izan duzu. Baina oraingoan... Gaiak ertz asko izan zitzakeen baina hauxe Aitor Mendiluzek hartutako bidetik osatutako bertsoak. Lehenengoan "orain ordea ezin jarraitu / azkenean desgastea / hala nahi gabe erabaki det / nere taberna ixtea"; bigarrenean, "orain jendea bakandu egin zait / krisia dela tarteko / ta hiru txikitok ez du ematen / famili batek jateko" eta bukatzeko, "gure kaletan ohitura horren / ondorioa argi da / laister tabernak eta dendak ez / herriak itxiko dira"
Irurako herriak ez du ixteko itxurarik; ez behintzat herriko plazak igandeko betekada hartzen jarraitzen duen bitartean.