Hamaika herrietako 33 bertsolarik hartuko dute parte, taldeka 2014-09-30

Herri arteko txapelketa Goierri garai eta behean

II. Atera herri arteko bertso txapelketa antolatu dute Goierriko eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolek, elkarlanean, 2007an jokatutako I. Atera txapelketari jarraipena emanez. Urriaren 10ean, Zegaman, hasiko dira kanporaketak, eta finala, Zaldibian jokatuko da, azaroaren 14an. Hamaika herrietako 33 bertsolarik hartuko dute parte, hamaika taldetan. Bertso mugimendua sortu, gazteengana iritsi eta segida izatezko asmoz sortu da Atera herri artekoa.
II. Atera herri arteko bertso txapelketa antolatu dute Goierriko eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolek, elkarlanean, 2007an jokatutako I. Atera txapelketari jarraipena emanez. Urriaren 10ean, Zegaman, hasiko dira kanporaketak jokatzen, eta finala, Zaldibian jokatuko da, azaroaren 14an.

Goierri behea eta Goierri garaia hartzen dituen lehenengo lehiaketa izango da II. Atera txapelketa. Hamaika taldek eta 33 bertsolarik hartuko dute parte: Urretxu-Zumarraga (3 talde), Gabiria (2 talde), Ataun- Legazpi, Segura, Zegama, Ormaiztegi, Zaldibia-Legorreta eta Beasain-Ordizia.

Lehenengo fasea tabernetan jokatuko da, poteo garaian, 23:00ak aldean; bigarren fasea, elkarteetan, afariaren bueltan; eta finala, antzokian, entzuleak zutik direla. Txapelketako fase bakoitzean ariketa desberdinak egingo dituzte bertsolariek.

Bertso mugimendua sortu
II. Atera txapelketaren helburua «mugimendua» sortzea da, «zentzu desberdinetan». Alde batetik, «konturatzen ginen Goierri behean gazte asko dabiltzala bertso munduan era batera edo bestera sartuta, baina tristea bada ere, ez gara elkartzen», dio Ainhoa Mujikak, Atera txapelketaren antolatzaileetako batek. «Adibidez, bertsolari batzuk beste eskualde batzuetara joaten dira entrenatzera», gaineratu du.

Goierri garaiko eta beheko bertsolarien eta bertsozaleen arteko elkar ezagutza eta harremana ere sortu eta sendotu nahi dute antolatzaileek.

Gazteengana iritsi
Era berean, bertsolari eta bertsozale gazteengana iritsi nahi dute: «Bertso eskolan umeen talde asko ditugu; umeengana iristen gara. Herrietan bertso saioak ere antolatzen dira, baina tartean gazteen multzoa geratzen da. Horiengana iritsi nahi dugu», dio Mujikak. Bertso eskoletan dabiltzan gazteei jendaurrera ateratzeko eta plaza gehiago emateko aukera emateko tresna ere izan nahi du Atera lehiaketak.

Ildo horretan, lehenengo Atera jaialditik bigarrenera zazpi urteko tartea egon bada ere, aurrera begira jarraipena eman nahi diote.

Goierriko bertsolarien eta bertsozaleen artean saretzetik, «elkar ezagutu, elkartzen hasi eta gauza berriak antolatzen» hasi nahi dute antolatzaileek.

II. Atera txapelketa
Hamaika herri eta hamaika talde
    Urretxu-Zumarraga (3 talde), Gabiria (2 talde), Zegama, Segura, Ataun-Legazpi, Ormaiztegi, Zaldibia-Legorreta eta Beasain-Ordizia.
    Bertsolariak. 15 urtetik gorako 33 bertsolari, 3nako taldetan banatuta.
    Lehenengo fasea. Lau saio. Urriak 10, Zegaman. Urriak 17, Ataunen . Urriak 18, Ormaiztegin. Urriak 24, Ordizian. Tabernetan.
    Bigarren fasea. Azaroak 1, Seguran. Azaroak 7-8, Urretxun. Elkarteetan.
    Finala. Azaroak 14, Zaldibiako herri antzokian.
    Epaimahaia. Herri bakoitzetik bana eta 2-3 epaimahaikide neutro. Berdinketaren kasuan, epaimahaikide neutralek erabakiko dute, elkarrizketa bidez.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri