Irungo bertso-jaialdia 2014-10-07

Kabigorriko bertso-gauak

Hileko lehen ostegunean bertso-saioak antolatzen ditu Irungo bertso-eskolak Kabigorrin. Joan zen ostegunean Oier Aizpurua, Xumai Murua, Haritz Casabal eta Manu Goiogana aritu ziren kantuan.
Irungo bertso-eskolak ekimen berri bat jarri zuen martxan joan zen ikasturtean: Kabigorriko bertso-gauak. Hilero-hilero, lehendabiziko ostegunean, bertso-saio bat antolatu zuten Kabigorrin, herriko bertsozaleak erakartzeko asmoz. Udako etenaldiaren ondoren, joan zen ostegunean itzuli zen ekimena. Abel Zabala bertso-eskolako kidea gidari hartuta, honako laukote hau atera zen oholtzara:

 Oier Aizpurua
 Xumai Murua
 Haritz Casabal
 Manu Goiogana

 Parean 50 bat entzule jarri ziren, gazteak gehienak, eta taberna-giro goxoan jarraitu zuten saioa, umore onean. Umoretik izan baitzuen gehienbat, bai gaien aldetik eta baita bertsolariek hartutako bideen aldetik ere. Lehendabiziko ofizioan, esaterako, Oier Aizpurua eta Haritz Casabal altxa ziren kantura. Oier antolatzen ari zen, baina Haritzek ez zeukan laguntzeko intentzio handirik. Elkarri erantzutera atera ziren bi bertsolariak, ofizio bizia osatzeko.

 Oier Aizpuruak berak, atzekoei erantzunez ere ariketa polita osatu zuen. Surflaria da bera, eta atzeko hirurak bere lana oztopatzen duten elementuak. Atzekoak traba egiten saiatu baziren ere, Oierrek lortu zuen olatuak gainditzea.

 Umoretik hasi zen serioago jarri zen ondoren, Haritz Casabal bakarkako lanean hasi zenean. "Berriz ere hilaren bata da". Halaxe jarri zion gaia Abel Zabalak. Haritzek ikasten ari dela azaldu zuen, eta gurasoek lan egiten dutela berak ikas dezan. Zazpi puntuko doinuan, istorioa ondo josi zuen pasai-antxoarrak.

 Berriz ere algararako tartea hartu zuten ondoren bertsozaleek. Manu Goioganak Oier Aizpurua autostopista jaso zuen autoan zihoala. Baina handik kilometro batzuetara gurpila zulatu eta Oierrek ez zion laguntza handirik eman. Elkarri zirika aritu ziren bi bertsolariak.

 Saioa behetik gora zihoan, eta bukaeran izan zituen punturik onenak. Alde batetik, lau bertsolariek ariketa berezia osatu zuten "Naufragoa"-ren doinuan. Eta, ondoren, aurreko ariketako haritik tiraka, puntutan ere asmatu zuten saioari errematea ematen.

 Datorren hileko lehendabiziko ostegunean berriz ere jarrita dago hitzordua Irungo Kabigorrin.

Albiste gehiago

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu