Bertso-jaialdia Oñatin 2014-10-08

Urteroko saioa eta aurpegi berriak

San Migel jaietan urtero egiten dute bertso-saioa Oñatin. Pasa den ostiralean egin zuten aurtengoa eta han izan ziren kantuan Amets Arzallus, Alaia Martin, Unai Iturriaga, Unai Agirre eta Maider Arregi eta Urko Egaña herritarrak. Xabier Paskualek egin zituen gai-jartzaile lanak.
Oñatin Errege bezperan eta San Migel festetan izaten dira urteko jaialdi nagusiak. Urria hasierakoan baziren bi nobedade: Zubikoako frontoian lehen aldia zuten kantuan Maider Arregik eta Urko Egañak herritarrek. Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Alai Martin eta Unai Agirre izan zituzten kantukide. Egaña azpeitiarra da sortzez baina zazpi urte badira Oñatin bizi dela. Arregik 18 urte ditu eta ekainean eskolarteko txapela eskuratu zuen. Saio ostean aitortu zigun nahiko arraro sentitu zela lehen saioan. Sentipen hori bera adierazi zuen agurrean:

“Egia esan nahiko arraro
sentitu naiz tablau goian.
Baina zahartzean urteak pasa
ta ez nagonean sasoian
kontatuko dut kalean zehar
edo etxeko siloian:
Behin bost hauekin kantatu nuela
"Zubikoako frontoian”



Telebistako fokoak itzaltzeko eskatu zuen publikoak Xabier Paskual gai-jartzailea bertsolariak aurkezten ari zela. Ondoren, ofizioka entzun genituen jaialdiko bertsoaldi onenak. Txukun joan zen Arzallus eta Egañak Oñatiko hizkerari buruz egindakoa. Beharbada, Alaia Martinek eta Unai Iturriagak elkarrekin egin zutena izan zen saio osoena: Martini Iturriagak saldu zion hipoteka. Martinek kalean egiten du lo gaur egun. Bart Iturriagak bota du kartoia Martiñenaren ondoan. Hamarreko txikian egitea hautatu zuten eta helduleku ezberdinak erakutsi zituzten: “Lehen kartoizko ametsak saltzen zenituen” eta “tarte txikia dago bankutik bankura” amaitu zituen Martinek lehen bi bertsoak. Iturriagak lehenbizi umorez eta ondoren egoeraren gogorretik erantzun zion: “aberatsen turismo modu berria da” eta “baina aspaldi ez nintzen sentitzen hain libre” bertsoak amaituz.

Ofizio aipagarriekin jarraituz, Iturriagak berak Arregirekin egindakoa aipatu behar da. Aita-alabak ziren Iturriaga eta Arregi. Aitak autoko karneta ateratzeko eskatu zion alabari. Sei hilabete pasa dira karneta atera zuenetik baina sei hilabetean ez dio autoa utzi. Arregik “zertarako atera behar nuen karneta?” amaitu zuen lehen bertsoa. Iturriagaren erantzunak, nabarmentzekoak bi: “ba asko luzitzen du kurrikulumetan” eta “ta ibiliko zera zu L-rik gabe”. Arregik saio ostean adierazi zigunez oso eroso aritu zen alaba paperean.

Kopletako saioa bizi joan zen. Baita bi bakarkakoak ere. Ametsen kasuan hauxe zioen gaiak: aspertu zara besteak esandakoari men egiten. Zure erabakia hartu nahi duzu. Artur Masen paperetik kantatu zuen hendaiarrak. “Ta bozkatzera joango gara azaroaren be(de)atzian” amaitu zuen saioa. Unai Agirrerena izan zen saioko bigarren bakarkakoa. Zortziko handian kantatzea erabaki zuen, lau bertso abestu zituen bakarkoetan ezohikoa den doinuan.

Amaiera aldera ofiziotan asmatu zuten berriro. Bi bertsoaldi nabarmenduko ditugu: batetik Egañak eta Agirrek baserritarra eta behiaren paperetik egindakoa, bestetik  Arzallusek eta Martinek belarri kantatuz elkarrekin egindakoa.

Arzallusek kantulagun berrien ahalegina eskertu zuen azken agurrean: “Kantuan pozik aritu gara eta entzuten ere bai” errepikatuz amaitu zen San Migeletako saioa.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri