Joan zen ostiralean 2014-10-14

Fernando Amezketarra oroitu zuten Amezketan

Iluntzean Eñaut Agirrek Fernando ardatz hartuta bere garaiko bertso-antologia bat kantatu zuen, Imanol Kamiok eta Aitor Atxegak lagunduta. Ondoren, Harituz Bertsozale Elkarteak bertso-afaria antolatu zuen.
 Egun berezia izan zen joan zen ostiralekoa Amezketan. 250 urte bete dira aurten Fernando Amezketarra jaio zenetik, eta, behar bezala oroitzeko, hitzordu bikoitza jarri zuten ostiralean, azken asteetan egiten ari diren ekitaldien artean.

 Iluntzeko 19:30ean Pernando Amezketarra ardatz hartuta bertso-kantaldia egin zuen Eñaut Agirrek, Imanol Kamiok pianoz eta Aitor Atxegak gitarraz lagunduta. Fernando Amezketarraren bertsoak kantatzeaz gain, garaiko beste hainbat bertsolariren aleak hartuta garaiaren kronika osatu zuen. Tartean Txabalategiren, Zabalaren, Etxahunen eta Oxalderen bertsoak kantatu zituen, Kultur Etxea bete zuten entzuleen gozamenerako.

 Afaloste girotua

 Ondoren bertso-afari berezia antolatu zuen Harituz Bertsozale Elkarteak. Unai Mendizabalek gidatuta, eskualdeko bertsolariak aritu ziren kantuan: Anjel Mari Peñagarikano, Millan Telleria, Iñigo Gorostarzu, Jexux Mari Irazu, Haritz Mujika eta Adur Gorostidi tartean. Hasteko Millan Telleria eta Anjel Mari Peñagarikano bertsotan hasi ziren garaiko kontuak kantagai hartuta aritu ziren bertsotan. Ondoren, Fernando Amezketarrari eskainitako marrazki bizidunak gaitzat hartuta, Tolosa aguazilaren paperetik aritu zen Anjel Mari Peñagarikano. Iñigo Gorostarzu parrandatik bueltan pixa egiten harrapatu zuen. Bien arteko eztabaida luzearekin ederki gozatu zuten afaltzera inguratutako 80 bertsozaleek.

 Giroa bero zegoen Millan Telleria eta Adur Gorostidi kantura atera zenean. Adur turistak, galduta, Millan artzainaren atea jo zuen. Elkarri erantzunez aritu ziren bi bertsolariak.

 Bederatziko txikian

 Elkarrizketa polita osatu zuten Jexux Mari Irazuk eta Haritz Mujikak ere. Asteasuko gazteak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako aholkuak eskatu zizkion larrauldarrari, eta honek ondo erakutsi zion bidea. Ofizio honen ondoren ere biak aritu ziren kantuan, lan zailagoak hartuta ordea. Unai Mendizabalek bederatziko txikian jarri zituen bertsotan, bederatzi oinak emanda, Fernando Amezketarrak hainbestetan erabilitako neurria hartuta. Umorez aritu ziren biak lanean, gaueko bertsoaldi txalotuenetakoan.

 Millan Telleria, Iñigo Gorostarzu eta Jexux Mari Irazu puntu-erantzunetan aritu ziren gero, baina berezitasun batekin: entzuleen artean eseritako gehienak bertso-eskolan zebiltzan, eta haiek aritu ziren puntuak jarriz. Giro goxoa sortu zuen ariketak.

 Bukatzeko, librean aritu ziren Haritz Mujika, Anjel Mari Peñagarikano, Adur Gorostidi eta Jexux Mari Irazu. Besteak entzunda tentatuta zegoen, nonbait, Anjel Mari, eta hirugarren bueltan bederatziko txikian hasi zen kantuan. Besteek ondo erantzun zioten neurri berean.

 Azkenean, arratsaldean hasitako festa goizeko ordu txikietan bukatu zen. Arratsaldeko eta bertso-afariko alerik onenak aste honetan izango dira ikusgai Bertsoan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri