Xalbador Eguna Urepelen 2014-10-21

Artzain koblakariak, lagun zaharrak

Artzain koblakariak, lagun zaharrak
Urepel eta Iruri. Baxenafarroa eta Xiberua. Artzain koblakaria eta artzain koblakariaz gain xirulari, kantugile eta pastoral idazlea. Xalbador eta Etxahun Iruri. Fernando Aire eta Pierre Bordazarre.
Hego haizea eta eguraldi goxoa Urepelen. Goizean ehiztari artean Xalbadorren bordara egin zuten txangoa mendizaleek. Herritarrak elizkizunetik atera bezain pronto hasi ziren emanaldiak. Pierre Bordazarre Iruriko Etxahun etxean jaio zen artistaren ekarpena azaldu zuen Mixel Etxekoparrek. Gotaineko musikari eta koblakariak hiru aspektu nabarmendu zituen Etxahun Iruriri buruz: hankak lurrean eta burua izarretan zuen artzain poeta zen Etxahun Iruri Xalbadorren tankeran, hamar Pastoralen bueltan sortu zituen idazlea ere bai –tartean emazte pastoralak-, batik bat Etxahun Iruri koblakaria eta xirularia izan zen. Jean Mixel Bedaxagarrek, Luxi Etxekoparrek eta Ellandu Bordazarrek Etxahun Irurik sortutako kantuak abestu zituzten azalpen artean, Goizian Argi hastian, Agur Xiberua eta beste asko.  

Deiadarra Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanean prest zuten eguneko festa. Mixel Etxekoparren xirularen airean aritu ziren Barkoxeko dantzariak, Mutrikuko eta Donapauleko herri-kirol taldeen emanaldia izan zen bazkari aitzineko eguzki galgatan. Marmitakoa, oilaskoa eta arroz esnea bazkaldu ostean hasi zen saioa. Atarian Ibai Capot eta Mixel Etxekopar bertsolari xiberutarrek abestu zuten. Txapelketan lehen aldiz atera da aurten Etxekopar; Ibai Capot Zalgizearrak hamazazpi urte ditu eta lehen aldia zuen Xalbador Egunean kantuan.

Gai-jartzaile lanetan Joxe Mari Iriondo aritu zen. Azpeitiarrak esan zigunez “urtean saio bakarra egiten dut, Urepelgoa, eta ez naiz lasai etortzen”. Bertsolariek taldean erantzun beharreko galdera orokorrak eta bakarkakoak planteatu zituen Iriondok. Tartean hiruko ofizioa jarri zien Gorrotxategiri, Loidisaletxeri eta Arzallusi. “Txapeldunari txapela lapurtu diote eta Azpeiti edo Errezil aldean badute lapur fama” hala zioen Iriondoren postulatuak. Hirukoa traketsa izaten da kanturako  baina ondo bideratu zuten lana Loidisaletxek eta Gorrotxategik antzeko papera izanda. Ondoren bakarkakoetan aipatzekoak dira Lujanbioren eta Arzallusen lanak. Bukatzeko bertso bana abestu zioten beste gertakari historiko bati: “Gerra handia izan zen Lapurdi,Baxe Nafarroa eta Xiberuko herritarrak gehien frantsestu zituzten ekintza”.  Saio osoa joan zen.

Agurrekin amaitu zen bertsolarien lana eta eguneko plana. Xalbador eta Etxahun Iruri elkarrekin omendu zituzten. Artzain koblakariak eta lagun zaharrak. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri