Bertso-jaialdia Durangon 2014-10-21

Zubia eraikitzen

Zubia eraikitzen
Durangon urteroko hitzordua bihurtu da San Fausto jaietakoa. Kaleko zurrunbilotik areto barruko lasaitasunera igarotzea zaila dela aitortu zigun Unai Iturriagak eta berak aurkezle moduan, publikoaren eta oholtzaren arteko "zubia eraikitzeko" saiakera berezia egin zuen. Horretan jardun zuten Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok, Beñat Gaztelumendik, Alaia Martinek, Amets Arzallusek eta Andoni Egañak ere.
Plaza hotza omen da Durangoko San Fausto jaietakoa. Unai Iturriaga aritu zen gai-jartzaile lanetan eta bere ustez "beti izan da saio zail xamarra, lekuagatik edo jendeari jai-girotik areto barrura sartzea asko kostatzen zaiolako". Hori dela eta, beroketa-ariketak egin zituen saioa hasi aurretik; berak botatako errimei erantzun jakinak eskatuz: "ela"-ri txaloak "rra"-ri uuuuu-ak eta "in" errimari hanka-kolpeak. Jolasak jolas, entzuleei giroan sartzen lagundu zien ariketak.

Horrez gain, "bertako elementuekin saiatu naiz konplizitate hori lortzen entzuleekin" dio durangarrak; "badakit batzuetan gehiegizkoa dela gai-jartzailearen erretorika, baina horrelako lekuetan saiakera bikoitza egin behar da entzuleekin zubi hori eraikitzeko".

Bertsolariek ere eraiki nahi zuten zubi hori eta halaxe kantatu zuen Andoni Egañak hasierako agurrean: "baina ez dugu jardun nahi / serio ta zurrun / ia hego-haizea / antzematen zaigun".

Bertako elementuak aipatuz entzuleekin konplizitatea lortu nahi zuela esan zigun Unai Iturriagak eta bereziki bi bertsoalditan nabaritu zen saiakera hori. Igor Elortza eta Maialen Lujanbio Durangoko "Patxikotxu" eta "Pantxike" pertsonaien lekuan jarri zituen batean eta bestean, Abadiñoko Bolinkoban kokatu zituen Beñat Gaztelumendi Neandertala eta Maialen Lujanbio Homo Sapiensa. Aurkezpen luzea egin zuen bietan Unaik, baina ez luzeegia. Umoretsu, ondo prestatu zituen entzuleak bertsoak kode horretan entzuteko.

Eta umore-kodean aritu zen Andoni Egaña ere atzekoei kantuan. Durangoko jaietako sokamuturrera Lasturtik ekarritako zezenaren lekuan jarri zuen Unai Iturriagak zarauztarra eta ezagunak ditu atzekoak. Zergatik ordea?

Aktualitateko gai asko jorratu zituzten: Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus kazetariak Euskal Herrian eta Katalunian, Amets Arzallus ekonomialaria Egunkarian lanean, Maialen Lasa eta Zabalari buruz...

Igor Elortza eta Alaia Martini ez zien lan erraza jarri baina ondo gainditu zuten froga. Haurraren garapen askean eta haurren arteko harreman askeetan sinisten duten bi gurasoren ahotik abestu zuten Igor eta Alaiak. Garapen askea eta harreman askeak bai, baina zer gertatzen da zure haurra bestearenak jotzen duenean?

Eta Igor Elortza bakarka ere estu hartu zuen herrikideak. Sei puntu jarri zizkion erantzuteko eta plazetan 25 urte betetzera doala gogorarazi zion Unaik Igorri. Badu zer ospatu durangarrak...

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu