Bertsoaroa Iruñean 2014-10-29

Entzule beroa iruindarra

Arrakastatsu hasi da aurtengo Bertsoaroa ere. Pasa den ostegunean izan zen lehen bertso-saioa Gurutze Plazako aretoan eta ohi bezala betekada ederra hartu zuen. Oholtzan Fernando Anbustegi gai-jartzen eta kantuan Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jon Barberena, Unai Agirre, Sustrai Colina eta Xabier Legarreta "Arano".
Zortzietarako hamar minutu falta zirela sartu ziren entzule gehienak aretoan baina denak txintxo-txintxo eserita zeuden bertsolariak oholtzara igotzen hasi zirenean. Ilaran sartu ziren Fernando Anbustegiren atzetik Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jon Barberena, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Xabier Legarreta "Arano".

Bertsozale beroa eta eskertua da Iruñeakoa eta horren jakitun honela kantatu zuen Andoni Egañak hasierako agurrean: "bertso-giroa berotzen baita / eguraldia hoztean". Entzulea bertso-gosez zegoen baina bertsolariei pixka bat kosta zitzaien girora egokitzen.

Saioaren erdialdera osatu zituzten bertsoaldi politenak eta inflexio-puntua izan zen Amets Arzallus, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Unai Agirre eta Xabier Legarreta "Arano"-k koplaka egindako lana.  Andoni eta Sustrai, beste hiruren gurasoak; semeak festatik banan-banan etxera itzuli eta euren ohera gerturatzen dira kontuak esatera. Bertsoaldi bizia, umoretsua... denek utzi zituzten ale politak.

Horren jarraian beste pare bat bertsoaldi nabarmentzekoak: Amets Arzallus eta Xabier Legarreta "Arano"-k Olentzeroren aholulari moduan egindakoa eta Jon Barberena motor-gidaria  Unai Agirre nagusiarekin eztabaidan.

Dena dela, bertso-saioko bertsoaldi onena amaieran iritsi zen bertsozaleei aho-zapore bikaina utziz. Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Xabier Legarreta "Arano" 80.hamarkadan osatu zuten punk-taldea berreskuratu nahian jarri zituen Fernando Anbustegik. Puntutan osatu zuten bertsoaldia eta algara ederrak eragin zituzten bertsozale iruindarren artean.

Hasiera besterik ez zen izan pasa den astekoa. Ostegun honetan gazteen bertso-saioa izango da: Patxi Castillo, Maddalen Lopez, Saioa Alkaiza, Maider Arregi, Aitor Servier eta Joanes Illarregi igoko dira taulara. Maider Ansa izango da aurkezlea.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri