Bertso-jaialdia Errenterian 2014-10-29

Saio bikaina Niessenen

Pasa den larunbatean bertso-jaialdi bikaina izan zen Errenteriako Niessen aretoan. Landare elkarteak antolatuta, bertso-jaialdia ostu zuten Josu Goikoetxea gai-jartzailearekin batera Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Jon Maia eta Sustrai Colinak.
Ederra atera zen larunbatean Errenteriko Niessen aretoan Landare elkarteak prestatu zuen saioa. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Jon Maia, Amets Arzallus eta Sustrai Colina ziren bertan kantuan eta bideratzaile lanetan Josu Goikoetxea.

Jende asko hurbildu zen, ez zen aulki hutsik ia geratu eta harrera beroa egin zieten bertsolariei. Hauen ahalegin guztiei sutsu erantzun zieten eta horrek erraz girotu zuen saioa. Nabarmentzekoa izan zen gaijartzeailearen lana: gaien originaltasunagatik baino gehiago hauen planteamenduagatik; emandako kokapena, sortutako giroa... abiapuntu itzela da gaiari erantzun behar dionarentzat. Eta erantzun behar dutenak halako bertsolariak eta halako aldartean baldin badaude, ez dago besterik: saio bikaina aterako da.

Binaka, hirunaka, launaka zein bakarka mugitu zituen bertsolariak eta tonu desberdinetako emaitzak lortu zituen. Umorez hartu zuten Zurriolan azaroaren 8an erabakitze-eskubidearen alde egingo den mosaiko erraldoiaren gaia; umorez sartu zuten politika, edo politikariak; Lujanbio eta Egaña mendira paseoan joan zirenean; eta udaltzain paperean Jon Maia eta Igor Elortza ere.

Serioxeago baina umoretsu, ironi ukituren batekin, Apokalipsiko lau zaldunak eta goxo (halaxe eskatuta) sagarrondoa maitasunaren ikur bihurtu zuen bikoteak, Maiak eta Arzallusek.

Aipatzekoak ere bakarkako lanak. Andoni Egañari denbora eman zion berea presta zezan. Zigarroa erretzera bidali eta ondoren kantatu zituen hiru bertso eder.  Bikainak, eta denbora hartu gabe, Igor Elortzarenak.

Beharbada ez zuen saioak denbora guztian maila berean eutsi. Horretarako prest zegoen entzulea, eta berehalaxe jarri zuten goiko mailan saioa, bertso ale ederrak, umorezko bertsoaldiak... eta horrela iraun zuen ia saio osoan. Bukaera aldera ia errematea eman behar zitzaionean apaldu zen pixka bat giroa, baina puntutako saioak borobildu zuen guztia. Zapore goxoarekin utzi zuen jendeak  bere eserlekua.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri