ETB eta Bertsozale Elkartearen eskutik 2014-11-12

Hitzetik Hortzera, 25 urtez bertsolaritzaren plaza telebistan

Hitzetik Hortzera bertso programak 25 urte bete ditu aurten, ETB eta Bertsozale Elkartearen arteko lankidetzan. Horren harira, elkarrekin agerraldia egin zuten atzo Edu Barinaga ETBko zuzendariak eta Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak Bilbon, ETBren egoitzan. Abenduan Hitzetik Hortzerak programa berezia egingo du 25 urteotan bertsolaritzak izan duen bilakaeraz.
Bertsolaritzari buruzko telebista saio beteranoak antenan 25 urte bete dituela ospatu asmoz elkartu eta agerraldia eskaini zuten atzo EiTB eta Bertsozale Elkarteko erakundeetako ordezkariek, EiTBren Bilboko egoitzan. Bertan izan ziren Edu Barinaga Erezuma, ETBko zuzendaria, eta, Iñaki Murua Jauregi, Bertsozale Elkarteko lehendakaria.

Pozik agertu izren biak Bertsozale Elkarteak eta EiTBk elkarlanean egindako bideaz, eta aurrerantzean ere elkarrekin bide luzea marrazteko ilusioa agertu dute. Edu Barinaga ETBko zuzendariak esan zuen bertsolaritza badela euskarazko mundu ikuskera baten parte, telebista publikoan egon beharrekoa. Iñaki Muruak ere aitortu du Hitzetik Hortzerak aparteko garrantzia izan duela bertsolaritzaren hedapenean. ETBko zuzendariak, Hitzetik Hortzera programaz gain, beste molde bateko eduki eskaintza lantzeko ideia luzatu zion Elkarteari atzoko agerraldian.

Hasierako pausoak

Bidea, dena den, ez da beti erraza izan. Sorrera garaian proiektua martxan jartzeko zalantzak izan ziren, Muruak aitortu zuenez, baina abian jarri eta irudia eta ahozko jarduera arrakastaz uztartu zitezkeela frogatu zen. Abiatze fasean zein ibilbide osoan bi erakundeen ikuspuntuak eta begiradak uztartzea ez da lan erraza izan. Diferentzia horiek elkarlanerako borondatea lehentasun hartuta gainditu ahal izan dira 25 denboraldi osatu arte.

Bertsozale Elkarteak, Hitzetik Hortzera marka berea den aldetik, tentu handiz zaindu ditu telebistak eskaintzen zituen aukerak eta arriskuak. Zalantza izpirik gabe, telebistak eragin handia izan du bertsolaritzaren zabalkundean. Hitzetik Hortzera erreferente bilakatu da. Bertsolaritzaren plaza da telebistan.

Zabalkunderako erreminta garrantzitsua izanik arriskuak ere handiak ziren eta ekilibrista baten gisa oreka zaintzen ahalegindu da Bertsozale Elkartea: grabazio ostean dena eskaini gabe hautaketak lehenetsiz; emanaldi handiei edo txapelketei begira bakarrik egon gabe astero plazako bi saio grabatuz; aste berean areto, jatetxe, gaztetxe, eliza zein kalean izandako bertso saioak harrapatuz; herri txiki zein hiri handietan eskainitako jaialdiak uztartuz; Euskal Herri osoko bertsogintza erakutsiz, bertso saioaren testuingurua telebistaz ondo adieraziz…

Gauzak horrela, elkarte eta auzo txikietaraino iritsi dira Hitzetik Hortzerako kamerak urte hauetan guztietan. Ezezagun ziren zoko eta lekuak ezagutzera eman ditu. Ez hori bakarrik, oraindik ere ahalegin handia egiten da jaialdietan edo bertso afari batean sortzen den magia edo giro berezi hori, saioa gauzatzen den lekuan eta moduan eragin gabe, telebistaz ahalik eta hobekien transmititzeko.

Gaur egun urtean 26 programa
Historian atzera eginez, Hitzetik Hortzera programa gauzatu aurretik telebistak egina zuen Ahotik ahora saioa. 1988. urteko abenduan izan zen Hitzetik Hortzera programaren lehen emisioa. 1989. urtetik asterokoa da emisioa. Gaur egun Lanku Bertso Zerbitzuen bidez gauzatzen da programa. Urtean 26 saio egiten dira eta igandero eskaintzen da 15:00ak aldera.

Bi erakundeen elkarlanean areago sakonduz, egun, Bertsolari Txapelketetako finalak zuzenean eta diferituan eskaintzen dira: Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azkeneko bi finalak ETB1en gehien ikusi diren emanaldiak bilakatu dira.

Zentzu horretan, aipagarria da ETBk Hitzetik Hortzera saioa eta txapelketetako finalak Euskal Herri osoan eskaintzeko egiten duen ahalegina, nahiz eta Nafarroan eta Iparraldean emisioa normaltasunez zabaltzeko arazoak izan. Datorren larunbatean, adibidez, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Xilaba txapelketaren finala eskainiko da ETB1en gaueko hamarretan.

Hitzetik Hortzera berezia abenduan, 25 urteko bideaz
25. urteurrena ospatzeko programa berezia eskainiko da datorren abenduaren 28an. Hitzetik Hortzera abiatu zenetik bertsogintzak izan duen garapena aztertzeko antolatu den mahai ingurua izango da programaren ardatza: Xabier Amurizak, Uxue Alberdik, Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok hartuko dute parte. Eta 25 urteotako bertsoaldi esanguratsuenak ere gozatzeko parada eskainiko du programa bereziak.

Eskerrak lagundu duten guztiei
Ospakizuna baliatuz EiTBk eta Bertsozale Elkarteak eskerrak luzatu dizkiete, urte luze hauetan, Hitzetik Hortzera gauzatu ahal izaten lagundu duten guztiei: bertsolariei, saio antolatzaileek, bertsozaleei, lankide izan diren produktoreei, eta erredakzioan lan egin duten zuzendari, aurkezle eta kazetariei. Edu Bariganaga ETBko zuzendariak ere eskerrak eman dizkie urteotan programa aurrera atera duten guztiei eta baita entzuleei ere.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri