Nafarroako bertsolari gazteek hartzen dute parte 2014-11-21

Mariano Izeta sariketako finala gaur Elizondon

Mariano Izeta sariketako finala jokatuko da gaur Elizondon, aurrez hiru kanporaketa jokatuta: Alazne Untxalo (Ituren), Maddalen Lopez (Lesaka), Saioa Alkaiza (Antsoain), Oier Amiano (Elizondo), Kotte Plaza (Irurita) eta Ioar Tainta (Lesaka) arituko dira kantuan. Baztango Errugbi taldeko elkartean (BRTetxea), da saioa afalondoan.
Mariano Izeta sariketako finala jokatuko da gaur Elizondon, aurrez hiru kanporaketa jokatuta: Alazne Untxalo (Ituren), Maddalen Lopez (Lesaka), Saioa Alkaiza (Antsoain), Oier Amiano (Elizondo), Kotte Plaza (Irurita) eta Ioar Tainta (Lesaka) arituko dira kantuan. Baztango Errugbi taldeko elkartean (BRTetxea), da saioa afalondoan.

Epaile lanetan, Saioa Mitxelena, Jon Abril eta Mikel Altzuart arituko dira.

Seigarren edizioa
Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten seigarren edizioa jokatuko da. Bost edizio hauetan, Nafarroako bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman eta Aurizko Aimar Karrika izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi dutenak.
Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du ekimenak. Orain dela bost urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.
Izeta sariketa antolatzen ez den urteotan, Xalto sariketa jokatzen da, bertsolari gazteen sustapenerako den sariketa. Horrela, askotan taula gainean aritzeko horrenbeste aukerarik ez duten bertsolariei aukera bat eman nahi zaie eta, bereziki, bertsolari gazteei. Azken finean, bertsolaritza sustatzeko eta haren etorkizunerako oinarriak ezartzeko egiten da bi urtetik behin Izeta sariketa.

Mariano Izetaren omenez

Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Mariano Izeta 1915. urtean jaio zen, Elizondon, eta herri berean hil zen 2001. urtean. Lanbidez erloju-konpontzailea zen, baina hortaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten.
Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.
Bere zaletasunik handienetakoa bertsolaritza izan zen. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri