Bertsoaroa 2014-11-19

Arriskatzea beti da arriskutsua

Pasa den ostegunean izan zen Iruñeko Bertsoaroaren azken saioa. Maialen Lujanbio, Aimar Karrika, Unai Iturriaga, Nerea Elustondo, Jon Maia eta Oskar Estanga izan ziren kantuan eta Ainhoa Aranburu gai-jartzaile lanetan. Urtero izaten du berezitasunen bat saioak eta aurtengoan gaiak jartzeko bideoak izan dira nobedade.
Bideoak bertsotarako gai. Komunikazio ikuspegitik ez daude parekatzerik kanalak eta hizkuntzak. Bat-batekoa da bertso: hitzak, doinua eta errima beste baliabiderik ez du. Zabalagoa eta zehatzagoa da ikus-entzunezkoa: aurrez pentsatutako gidoia, musika, irudiak, hitzak… baliabideak mila. Bi hizkuntza-modu zeharo ezberdin elkarren osagarri egin behar. Hor dago gakoa, osagarri egiten. Hitzez nekez azaldu daitezkeenak ondo azaldu ditzake bideoak. Informazioaz gain tonua markatu dezake, esaterako. Hori bai, bertsolariei ataka estua jartzen die abiapuntu denean. Segundo gutxitan informazio asko ematen dute hitzek, irudiek eta musikak. Bertsolariak, berriz, denbora gutxi du lanerako. “Arriskatzea beti da arriskutsua” aurreratu zuen Ainhoa Aranburu aurkezleak saioaren atarian. Ondo esana. Eta oro har ondo neurtutako saiakera izan zen Bertsoarokoa.

Maialen Lujanbio, Aimar Karrika, Unai Iturriaga, Nerea Elustondo, Jon Maia eta Oskar Estanga igo ziren kantura.  Lujanbiok espero zuen zerbait: “Bertsoaroan edozer gertatu liteke” amaitu zuen agurreko bertsoa. Halere, entzuleak oso ondo bereizten zituen bi kodeak. Bideo batek sortutako algaren ostean serio errespetatu ziren bertsolariaren sormen segundoak, isilik ia beti. Horregatik diogu arriskatzeko plaza ona dela Bertsoaroko azkena. Sei saioetan azkenekora zerbait berritzailearen gose dator entzulea. Sartu aurretik “ea zer prestatu diguten aurten” adierazi zigun hiriko entzule fidelak. Behe eta goi osorik bete zen aretoa, 600 entzuleren bueltan izango ziren, gazte asko tartean.

Bi kodeen arteko ezberdintasuna eta ariketa moduaren zailtasuna markatu zuen lehen ariketak. Unai Iturriaga eta Oskar Estangak bideo bat abiapuntu hartuta abestu zuten. "Garai berriak" irakurri zitekeen bideoan, Guardia Zibila Berria egunkaria besapean hartuta zihoan lanera. Ariketa moduari neurria hartzeaz gain ez-ohiko gaia saio atarian. Entzuleak barrez hartu zuen bideoa, baina bertsolariek serio heldu zioten gaiari. Bigarren ofizioan ere umorea planteatu zuen bideoak. Teruelgo Miraveteko herritarrek egindako spot bat hain juxtu, www.elpueblodondenuncapasanada.com lemapean egina. Jon Maiak eta Nerea Elustondok asmatu zuten bigarren buelta ematen.

Ia denek bideoa izan zuten abiapuntu. Baina bi saio nabarmendu behar ditugu eta bietan ez zen bideorik. Lehenean istorio bat kateatu zuen Aranburuk eta elkarri jarritako puntuak erantzuten aritu ziren Estanga, Maia, Elustondo eta Karrika. Ondoren, Lujanbio eta Iturriaga Antton Olariagaren zinta bateko protagonista bilakatu zituen. Propio saiorako egindako zinta zen Zakilixutena. Zoragarriak izan ziren bi saioak.

Lan asko zegoen jarritako gaien atzean. Azken ofizioak ere ageriko utzi zuen hori. “Gaueko entziklopedia Koxkorra” proiektuaren bideoa eskaini zuen gai-jartzaileak azalpenen atariko. Honek saioaren tonua markatu zuen. Lujanbiok gauean dituen beldurrei buruzko galderak egin behar zizkion Maiari, eta honek erantzun. Doinu dotorean egin zuten saio oso-osoa. Gerora aitortu zigun Maiak gai-jartzaileak berak proposatu ziela doinua egun batzuk lehenago.

Ariketa zaila bertsolarientzat pasa den ostegunekoa baina entzuleak ederki gozatu zuen saioa. Amaitu dira aurtengo Bertsoaroko saioak eta arrakastatsuak izan dira beste behin.  

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri