1 Alabak hiru urte kunplitu berritan medikurako gure ohiko bisitan; oraindik zegoela Lur larru gorritan esan zigun “hau ez da gertatzen sarritan...” “San Filippo” izena botata birritan hotzikara handi bat gailendu zen tripan. Nerbio ta beldurren bitarteko kinkan ezkutuko mundu bat gelditu zen bistan.
2 Kalean jasotako muxu ta eupada estimatzen ditugu bertatik bertara. Berriz ikasi dugu egiten algara haurraren sostengua geroni baikara. Etorkizunak sortzen digunez zirrara askoz baikorragoak gara denok jada. Gure munduan zerbait gaizki doa, hara gaixotasuna bera sendagaia bada.
3 Jada utzi diozu hitz egiteari nahizta komunikatzen zaren guztiz garbi: Zu pozik zaudenean zabiltza jostari haserretzean berriz, betilun ta nagi. Eguneroko martxan arazo ugari bizi ditugun arren; zara gure sari. Egunekoa biziz gabiltza aspaldi denbora irabaziz etorkizunari.
4 Goizean goiz hasten da etxean eguna argiztatu ondoren logela iluna astiro kentzen dizut zure hartz-laguna eskolan gauzatzeko gogoko jarduna. Arratsaldez, nagusi da lasaitasuna etxean zain baituzu mediku kuttuna... Hitz gutxitan, hori da guk bizi duguna sarri artifiziala den normaltasuna.
5 Gizarteari jartzen bagara begira han guztiok berdinak ez gara-ta, tira! Sailkatuak zenbaki batzuen neurrira nornahi ez da iristen besteen erdira. Ospitaleak duen zorraren harira txanponen diktadura gailentzen ari da. Logika horrek badu gurean segida gaixo daudenak ere sailkatzen baitira.
6 Bizi garen munduan, egun; parez-pare ahanzturaren aurkako borrokan hor gaude. Sentitzen garenean hilik ta indarge gure maitasuna da luxuzko zutabe. Nork bere arazoak harturik bidaide zaila dago egiten urkoaren alde! Azkenean egin naiz egiaren jabe gure gizarte hontan mundu asko daude.
7 Nahizta ez naizen guztiz dantzari arina flash-mobak antolatzen jarri ohi dut grina; kamixeta saltzaile oso atsegina izan ninteke orain astero jakina... Halaxe bihurtu naiz ama ezberdina nahizta sufrimendua den guztiz gordina pozik dakusat nire neska pinpirina alaitasunez bizi baitut bere mina.
8 “SanFilippo” gaitzaren menpeko, gatibu izan gara haurraren gainbeheren testigu. Plastikozko botilen tapoi asko bildu ditugun arren, antza; ezta nahiko diru! Gure zoritxarrean ez gara kokildu “SanFilippo”-k gehiago ezin gaitu mindu. Hark ere bere kasa zeozer egin du: bizitza nola bizi irakatsi digu!