Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2015-03-25

"Azkena balitz bezala gozatzera aterako naiz"

Azkeneko finaletik kanpo geratu ondoren, finalera itzuli da Julen Zelaieta. Final laurdenetatik finalerdietara hobeto ikusi zuen bere burua, eta lasaiago kantatu nahiko luke finalean.
 Nafarroako Bertsolari Txapelketan aurpegi ezaguna da Julen Zelaieta. Final batean baino gehiagotan aritua da beratarra, eta 2008an txapela janztera iritsi zen. Orain dela bi urte finaletik kanpo geratu ondoren, aurten itzuliko da. Txapelketan zehar hobekuntza sumatu du: "Final laurdenetan berde xamar ikusi nuen nire burua. Berandu xamar hasi nintzen prestatzen edo kontzientziatzen. Finalerdian talde potentea tokatu zitzaidan, Lesakan zen eta banuen beldurra eta bertso-eskola bertan izanda bertso-eskolan nengoenaren sentsazioa izateko, baina saioa ongi joan zen. Zintzilik geratu nintzen, pasako nintzen edo ez jakin gabe, baina azkenean ongi joan zen".

 Finalera begira, "gozatzera" dela dio: "Izan dira finalak hain ongi pasa ez ditudanak eta aurten nahi dudana da gozatu. Ikusita azken urteetan zein garestia den finaletan sartzea, azkena balitz bezala gozatzera aterako naiz. Ahal badut beste saioetan bezain lotuta ez nuke kantatu nahiko: beste finaletan egin dudana egin nahiko nuke".

 "Bertsolaritza lasaiago bizi dut"

 Aurtengo txapelketan parte hartu edo ez erabakitzerako garaian zalantzak izan zituela onartzen du: "Ikusten nuen txapelketan egin beharrekoak egin nituela jada, ez nuela ezer eskeintzeko txapelketari. Halako batean berotu nintzen, izena eman nuen eta azkenean begira. Orain dela sei hilabete esan balidate finalera pasako nintzela esango nuen ezetz. Ikusiko da larunbatean zer egiten dugun hemendik aurrera. Saio batzuk baditugu, gure zizkuitua badugu eta hori da politena: saioz saio ibiltzea, hara eta hona, harekin eta honekin... Bertsolaritza lehen baino lasaiago hartzen dut".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri