Maiatzaren 23an egingo dute bukaerako festa 2015-05-06

70 ikasle inguruk hartuko dute parte Arabako Eskolartekoan

Denera Arabako 4 eskualdetako 8 herritako 9 bertso-eskoletako ikasleak ariko dira. Bertso jarrietan eta bat-batean ariko dira. Kanpezun ospatuko da azkeneko festa.
 Abian da Arabako Eskolartekoa. Arabako 4 eskualdetako 8 herritako 9 bertso-eskoletako ikasleek parte hartuko dute aurtengoan, denera 70 bat ikaslek. Bi mailatan bereizita ariko dira: 14 urtetik beherakoak eta 14tik 18ra bitartekoak. Ahalik eta ikasle gehienek parte hartzeko aukera izan dezaten, idatziz eta bat-batean ariko dira. Bat-bateko saioetan, taldeka jardungo dira 14 urte artekoak eta, 14tik 18 urte artekoak, berriz, banaka. Legutio, Aramaio, Laudio, Murgia, Armentia, Gasteiz, Zalduondo, Agurain eta Kanpezuko bertso-eskoletako gazte eta haurrak izango dira aurtengoan.

 Lehiarik gabe haurren sailean

 14 urtetik beherakoak elkarren arteko lehiarik gabe ariko dira aurtengoan, saioek topaketa formatua izango baitute. Hala, talde bakoitzak prestatutako sorta kantatzeaz gain ariketa batzuetan bat-batean aritzeko aukera izango dute. Eta inguruko bertso-eskoletako kideak ere ezagutuko dituzte.

 Hiru kanporaketa gazteen sailean

 Gazteak, berriz, Gasteizen, Zalduondon eta Aramaion ariko dira bat-bateko saioetan. Kanporaketa hauetatik, 6 bertsolari sailkatuko dira maiatzaren 23an Kanpezun egingo den finalera. Dena den, finaletik harago joango da Kanpezuko festa, egun osoko egitaraua prestatu baitute antolatzaileek. Goizean haurren topaketa egingo dute, eta sortak kantatzeko aukera ere izango dute. Gazteen finalaren ondoren, berriz, bazkari herrikoia eta dantza plaza izango dituzte JOTAFA# txarangaren eskutik.

 Partaideengan eragin nahi duen ekimena

 Eskolartekoaren bidez, haur eta gazteak bertsolaritzaren inguruan rol ezberdinetan zailtzea dute helburu antolatzaileek. Horrez gain, adinkideak eta bertsolariak ezagutzen dituzte. Era honetan, bertsotan egiteko motibazioa piztu nahi zaie gazteei, eta baita inguru bat osatzea ere.
 

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu