Bertsolaritzaren inguruan 2015-06-03

Bi ikerketa-deialdi zabaldu ditu Mintzola Fundazioak

Batetik, Euskal Herriko Unibertsitatean bertsolari buruzko doktore-tesi bat egitea helburu duen doktorego aurreko kontratu bat. Bestetik, ikergai nagusia bertsolaritza duten master amaierako lanen proiektuak edo ikerketa-lan monografikoen proiektuak egiteko hiru diru-laguntza.
 Badira urteak Mintzola Fundazioa bertsolaritzaren ikerketan eragiten hasi zenetik. Gaur helburu horrekin fundazioak berak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean egindako bi ikerketa-deialdiren berri emateko prentsaurrekoa egin da Villabonan. Bertan izan dira Zigor Etxeburua Urbizu (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea), Isabel Elorza Puyadena (Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Euskara zuzendaria) eta Juan Kruz Igerabide (Mikel Laboa Katedraren zuzendaria).

 Doktorego aurreko kontratua

 Alde batetik, Euskal Herriko Unibertsitatean bertsolari buruzko doktorego-tesi bat egitea helburu duen doktorego aurreko kontratu bat formalizatzeko deialdia aurkeztu dute. Doktoregaiak aukeratuko du bertsolaritza ze ikuspegitatik landuko duen. Hala ere, 2011 eta 2012 urteetan zehar Ikerketa Ekintza Parte Hartzaile prozesu bat gauzatu zuten bertsolaritzaren inguruko ehundik gora eragilek, bertsolaritzaren ikerlerro eta ikergai nagusiak lehenesteko. Zerrenda hemen ikus daiteke. Epaimahaiak kontutan hartuko du ea proiektuak ikerlerro hauek bere baitan biltzen dituen.

 Interesatuta dagoenak irailaren 11ra bitarte izango du eskaria aurkezteko epea, eta kontratua sinatu eta tesia azaroan bertan hastea da helburua. 2013an egin zen kontratu hau lehenengo aldiz, eta horri esker Miren Artetxe Sarasola bertsolaritzaren transmisioari buruzko ikerketa lan bat ari da gauzatzen: "bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoen sendotzea. Ipar Euskal Herriko gazteen hizkuntza identitate eta portaerak".

 Ikerketa proiektuetarako diru-laguntzak

 Bestetik, ikergai nagusia bertsolaritza duten master amaierako lanen proiktuak eta ikerketa-lan monografikoen proiektuak egiteko hiru diru-laguntza ere emango dira, 2000 eurokoak. Kasu honetan ere irailaren 11ra bitarte izango da eskariak aurkezteko epea, eta hautatuen izenak irailaren 30erako jakinaraziko dira. Lanak entregatzeko epea 2016ko irailaren 30ean itxiko da.

 Iaz beste hiru diru-laguntza esleitu ziren ikerketa-lan monografikoak egiteko: Gema Lasarte, Pilar Aristizabal, Amaia Álvarez, Ana Isabel Ugalde, Maria Teresa Vizcarra eta Ainhoa Alvarez egiten ari diren "bertsolaritza eta generoa" ikerketa lana; Ainhoa Aizpurua egiten ari den "bertsoa kolorez jantzi zenekoa" eta Nerea Elustondoren "emakume bertsolariek plazan izan duten bilakaera".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri