"Ahoa Bete Hots" jardunaldiak egingo dira uztailaren 1etik 3ra
Ahozkotasunean emozioak eta umoreak duten lekuaz ariko dira aurtengo jardunaldietan. Amasa-Villabonan izango da hitzordua. Izen-emate epea bihartik ekainaren 22ra bitartean egongo da zabalik.
Mintzola egitasmoaren barruan ahozko kultur sorkuntzan ari diren diziplina ezberdinetako aritu eta adituak 2010ean hasi ziren "Ahoa Bete Hots" jardunaldiak antolatzen. Urte hartan ahozkotasunaz aritu ziren, 2011n idatzizkotik ahozkorako jauziaz, 2012an euskalki eta batuaren arteko talkez, 2013an ahozkotasuna lantzeko jolasez eta 2014an transmisioaz. Seigarren edizio honetan ahozkotasunean emozioak eta umoreak duten lekuaz arituko dira.
Jardunaldiak aurkezten izan dira gaur Amasa-Villabonan Nora Urbizu Arozena (Amasa-Villabonako Kultura eta Euskara zinegotzia eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea), Beñat Gaztelumendi Arandia (Mintzola Fundazioko ikerkuntza arduraduna) eta Eñaut Gantxegi Maritxalarrek (EHAZEko kidea eta antzezlea).
Egitaraua
Aurtengo "Ahoa Bete Hots" jardunaldiak uztailaren 1etik 3ra bitartean izango dira. Hau da egitaraua:
UZTAILAREN 1a 08:30-09:00 Harrera, agiri banaketa 09:00-09:15 Sar Hitza 09:15-10:15 Emozioen kontrola jendaurrean, Amaia Vazquez psikologoaren eskutik 10:15-11:15 Ipuingintzaren emozioak, Itziar Zubizarreta, "Bularretik mintzora" proiektuaren arduraduna 11:15-11:30 Atsedenaldia 11:45-12:45 Euskal Irria, Asisko Urmeneta marrazkilariaren eskutik 12:45-13:30 Marrizkirriatutako bertsoak, bertso eta marrazki saio berezia. Asisko Urmeneta ariko da marrazten eta Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsotan.
UZTAILAREN 2a 09:00-10:00 Bertsolaritza praktika emozional gisa, Jone Miren Hernandez EHUko antropologia irakasle eta ikertzailearen eskutik 10:00-11:30 Umorea eta bertsolari txapelketak, hiru hizlarirekin: Lorea Arburua (Bardoak txapelketaren antolatzailea), Imanol Epelde (Putzuzuloko Kopla Txapelketaren antolatzailea) eta Oxan Altuna (Tabernetako txapelketaren antolatzailea) 11:30-12:00 Atsedenaldia 12:00-13:00 Demodé quartet kantagintza eta umorea uztartu dituen esperientziaz hitzaldi kantatua Joli Pascualenaren eskutik
UZTAILAREN 3a (txandalez jantzita joatea komeni da) 09:00-11:00 Clown tailerra. Umorea eragiteko ariketak, Iosu Florentino clown-aren eskutik 11:00-11:30 Atsedenaldia 11:30-13:30 Nola landu emozioak antzerkian tailerra Ander Lipusen eskutik
Izena emateko epea zabalik ekainaren 22ra bitarte
Izen-ematea zabalik egongo da bihartik ekainaren 22ra bitarte. Matrikula arrunta 70 eurotan egongo da, baina Antzerkizale, Kantuzale, Ipuin kontalari edo Bertsozale Elkarteetako bazkideek; Aiztondo Mankomunitateko herrietako biztanleek eta ikasle, langabetu eta erretiratuek 50 eurotan egin ahal izango dute matrikula.
Matrikula egiteko bi aukera daude. Internetez egin daiteke, www.mintzola.eus atarian. Eta telefonoz egiteko aukera ere badago, honako zenbaki honetara deituta: (0034) 943 693870.