Sustrai Colinak eta Marta Agirrezabalak azaldu digutenez, aurtengoan ere saio-kopuruak eutsi egingo dio, eta bereziki nabarmenduko dira jaialdiak. Algortan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon urteroko zikloak egingo dituzte.
Igande honetan sartuko gara, ofizialki, udan. Bertsogintzarentzat ere garai berezia izan ohi da: herriko jaietako saioak, aretoetatik atera eta plazarako jauzia, festa-giroan dagoen jendea entzule... Baina, nolako uda dator? Sustrai Colinak gogoz begiratzen dio aurtengoari: "Uste dut saioak ez zaizkidala faltako, gogotsu nago. Uda batzuetan, ikusten duzu agenda ari zarela zirriborratzen, betetzen ari dela eta pereza sar daiteke, baina aurten badaukat gogoa. Uda heltzeko desiratzen nago eta aprobetxatzeko gogoz nago, bertsotan gozatzeko gogoz".
Azaroan Xilabako txapela jantzi arren, ez du uste aurtengo udan alde handirik sumatuko duenik: "niri txapela iritsi zait plazan dezente ibilita eta uda dezente pasatuta". Dena den, txapela motibaziotzat du saioetara joan eta "bertso bakoitza borrokatzeko".
Uxue Alberdik dioenez, bertsolari bakoitzaren kasua ezberdina izaten da, baina bera ez da udan beste urtaroetan baino askoz gehiago ibiltzen: "Ekain bukaeran iaz baino saio gehiago izan ditut. Ez dut berez udan akumulazio handiegirik izaten. Uztailerako zazpi saio dauzkat, abuzturako zazpi eta irailerako ere halako zerbait. Kopuru horiek dira martxoan, azaroan eta maiatzean izaten ditudanak".
Aurtengo udan saio-kopuruak eutsi egingo diola azaldu digu Marta Agirrezabala Lankuko marketing arduradunak. Datuak esku artean hartuta, udan bereziki jaialdiak antolatzen dituztela azaldu du: "6 saiotatik 5 dira jaialdi gure bidez lotutakoen artean". Hala, Lankuk urtean zehar lotzen dituen jaialdietatik gehienak udan izaten direla dio: "Urtean zehar 120 jaialdi egin genituen, esaterako, 2014an, eta gehienak San Juanetatik iraileko lehenengo igandera bitartean zeuden kontzentratuta". Hortik aurrera, jaialdi gehien egiten diren urte-sasoia urte bukaera izaten dela zehaztu du.
Mutur batetik bestera doazen saioak Baina, nolakoak dira udako saioak? Entzule asko opor-giroan egoten dira, festa-giroan ere bai, eta horrek nola eragiten dio bertsoari? Sustrai Colinak azaldu digunez alde handia dago saio batetik bestera, mutur batetik bestera ibiltzen baita bertsolaria: "eguerdian kanta dezakezu betegarri bezala dagoen biko libreko saio batean, eta gauean jaialdi batean kantatu beste bost bertsolarirekin, gai-jartzaile batekin eta 500 entzuleren aurrean. Biek sortzen duten bertso-modua oso desberdina da. Egia da gaitegia aldatzen dela albistegietan eta egunkarietan aldatzen den bezala, baina ardura handia eskatzen duten saio mordo bat izaten da udan".
Uxue Alberdirentzat formatua baino gehiago aldatzen da gaitegia: "nahiz neguan antzeko formatua izan beste gai batzuk izaten dira, festari lotuagoak, arinagoak".
Krisiak eragin du, baina hainbeste ere ez Gizarteko sektore askotan aipatzen dira krisi hitzak, eta bertsotan ere nabaritzen dela azaldu du urruñarrak: "Lehen seikoak ziren saio batzuk lau bertsolarirekin egiten dira, lehen jaialdiak egiten ziren plaza batzuetan bi bertsolarirekin egiten dira saioak... Baina uste dut bertsogintzak nahiko ongi eutsi diola". Eta eusteko sekretua ere argi du: "Gure arma neurri batean produktu merkea izatea da, eta egoera askotara egokitu gaitezke. Eskuragarri gaude, urteetako harremanak daude tartean, malgutasun bat, elkar-ezagutza bat... Horrek eman dio gure jardunari eusteko aukera eta, batez ere, demandak: udako saioetan jendea dago. Hori oso abal inportantea da: udan 400 edo 500 entzuleko saioak ez dira bat edo bi".
Marta Agirrezabalak azaldu duenez, Lanku ari da saiatzen bertso-jaialdiez gain bestelako formatoak dauzkaten saioei ere lekua egiten. Hala ere, ez dela erraza dio, herri batean bertso jaialdi edo libreko saio bat antolatzen bada horrekin bertsoari dagokion zatia beteta ikusten duelako antolatzaileak. Dena den, aurten haurrei zuzendutako saioak eta "Bat-batean" saio berezia ere herriz herri zabaltzen ari direla zehaztu du. Hala, formatu txikiko saioak dira udan gehien mugitzen direnak.
Sustrai Colinaren iritziz, aurten krisiak baino gehiago eragin dute udal-hauteskundeek, udalak azken egun hauetan osatzen ari direnez saioak ere beranduago ari baitira lotzen.
Uxue Alberdiri zaila zaio bere agenda pertsonala ikusita diagnostiko orokor bat egitea: "Niri txapelketa baten ondoren ugaritu zitzaizkidan saioak, eta geroztik ez dut gorabehera handirik izan. Bertsolariak errotatzen joaten gara, adibidez, hiriburuetako saioetan. Ni saiatzen naiz nire onena ematen, eta hortik aurrerakoa ez dago gure esku. Faktoreak asko dira bertsolari bat edo bestea hautatzeko: txapelketak, aurpegi berriak agertzea zerbait berezia eskaini dutenak, krisia, moda... Auskalo".
Herriko jaietako saioak, zikloak... Udako agenda urtez urte nahiko finkoa izan ohi da. Euskal Herriko jai gehienak santutegiari lotuta egonik, santu izendegiarekin batera iristen dira saioak: San Juanak Hernanin, San Pedroak Mungian, Lasarte-Orian eta Asteasun, Santixabelak Usurbilen...
Uztailean iritsiko da lehenengo bertso-zikloa: Algortakoa. San Inazio festetan egunero antolatu izan dituzte bertso-saioak Albeko kideek. Elizondon ere jaialdi garrantzitsua egiten dute, eta baita Lesaka eta Iruñeko San Ferminetan ere. Uztaila bukatzeko klasiko bat: Altzokoa.
Abuztuan berriro kargatu ohi da agenda: Gasteizen, Donostian eta Bilbon bertso-zikloak antolatzen dituzte jaietan. Horrez gain, bereziki abuztu erdialdea saioz bete ohi da: Zarautz, Gernika, Arano, Leitza, Arantza, Aia...
Irail hasieran Donostia eta Alkizako jaialdiek markatu ohi dute udaren bukaera. Baina datozen hiru hilabeteetan Euskal Herriko txoko gehienak bertsoz beteko dira.