Jon Martin, Jokin Labayen, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Manex Mujika eta Haritz Casabal bertsolariak lau astez ibiliko dira Estatu Batuetan Eneko Sierra, Urtzi Olaziregi eta Ixak Arruti musikariekin batera.
Badira urte batzuk "Bertsow" emanaldi berezia sortu zenetik. Orduan elkartutako taldeko kide batzuk beste pausu bat eman eta ozeanoa zeharkatzera doaz lau astez. Hala, bertsoa eta musika uztartuz, Estatu Batuetara joango dira Jokin Labayen, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Manex Mujika, Jon Martin eta Haritz Casabal bertsolariak, Eneko Sierra, Urtzi Olaziregi eta Ixak Arruti musikariak bidelagun hartuta.
Eneko Sierra saxo-joleak azaldu duenez, uztailaren 26-27an abiatuko dira bertara. Los Angelesen izango dute lehenengo geldialdia, eta handik iparraldera joko dute, Boise aldera. Tartean, Gardnerville herriko JT tabernan emanaldi bat egingo dute uztailaren 28an. Ondoren iritsiko dira Boisera, uztailaren 28tik abuztuaren 2ra ospatuko den Jaialdiaz gozatzera. Egun horietan beste emanaldi bat egiteko asmoa daukate Boiseko ikastolan.
Behin jaialdia bukatutakoan hegoaldera itzuliko dira, Los Angelesera. Bidean beste emanaldi bat egiteko asmoa daukate Renon, eta Las Vegasen ere bai. Txinon ere beste saio bat egiteko asmoa daukate. Handik New Yorkera joango dira, eta beste saio bat egitekotan dira bertan.
Musika eta bertsoa uztartuz Eneko Sierrak azaldu duenez, Euskal Herrian egiten dituzten emanaldiekiko ezberdinak izango dira Estatu Batuetan egingo dituztenak. Euskal diasporako ondorengo askok euskaraz ez dakitenez, bertso bidez soilik jende gutxiagorengana iritsiko dira. Horregatik euskal kantu tradizionalak kantatzeko asmoa ere badaukate. "Daukagun publikoarengana egokituko ditugu emanaldiak". Saioen inguruko hitzaldiak emateko asmoa ere badute.
Ikusentzunezko lana ere bai Bidaian zehar ahalik eta irudi gehien hartzea da beren asmoa, itzultzen direnean hemen erakutsi ahal izateko: "diasporaren ikuspegia hona ekartzen saiatuko gara".