2015-09-04

Bigarren saria. Ardiak zenbatzen. Ekaitz Goikoetxea

XXXI BASARRI BERTSOPAPER SARIA
2015


2ยบ Saria: Ekaitz Goikotxea Asurabarrena
“Ardiak zenbatzen”
Doinua: Urzo xuri polit bat

1.-Hamarrak hamar gutxi,
hamarrak inguru,
ilargiak logela
erdia hartu du;
gaur panpinak albora
utziko ditugu
ta animaliekin
lo egingo dugu.

2.-Katuak baserriko
eremutik kanpo
zazpi bizitza hartu
ditu beretzako;
teilatu gainetatik
egiten du salto
berriz jaioko dela
badakielako

Urruma, txorrotxio
orro, ulu, zaunka...
gure seme txikiak
beldurrik ez dauka

3.-Nola kattagorriak
txingurriak halan,
negua goxatzeko
dabiltza lan ta lan;
bitartean astoa
lasai, tilin-talan,
telebista ikusten
zakurraren salan.

4.-Nahiz eta biek luma
xuriak desio,
esaeretan soilik
dira arerio;
beti ibil ez dadin
serio-serio,
beleak zozoari
gatza eman dio.

Urruma, txorrotxio
orro, ulu, marru...
hegan egingo duzu
bi minutu barru

5.-Bere esaera zahar
eta errefrau kutsu,
Paristik zikoina bat
dator pausuz pausu...
Moko punttan ematen
badiozu muxu,
laster anai-arreba
bat izango duzu.

6.-Tximistargia trumoi
danbaden atari,
zeruan zirri-zarra
euria badagi...
Denontzat dituenez
logela ugari,
kox-kox joko diogu
barraskilori.
Urruma, txorrotxio
irrintzi, arrantza...
tximeletak zurekin
egin nahi du dantza

7.- Gaua heltzen denean
astun eta pisu
zure sehaskarentzat
lur bat dagokizu,
itzalak margotzen ez
baldin badakizu,
lasai, ipurtargiak
lagunduko dizu.

8.-Nahiz ta bakoitzak bere
etxera abitu
eta animalien
hotsik ez aditu,
gau osoa negarrez
ez zaitez aritu
zure ametsak hontzak
zainduko baititu.

Onomatopeiarik
ez denez geratzen...
maitea, has zaitezke
ardiak zenbatzen

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-11

Nerea Elustondo, hortzak zorroztuta Eibarrera bidean

Igotz Alkorta Irastortza

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza