Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015-10-15

Edurne Soraluze "Batazbeste 300 lagun elkartu dira final-zortzirenetako saioetan"

"Gustura" dago Edurne Soraluze, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko eragilea, txapelketako final-zortzirenen faseak eman duenarekin. "Bertso-maila ona, entzule asko eta antolaketan arazo handiegirik ez". Final-zortzirenak amaituta, final-laurdenak hasiko dira hurrengo asteburuan eta lehen fasearen balorazioa eskatu diogu Edurne Soraluzeri. Bideoan ikusgai dituzue lehen faseko saioetako bertsaldi onenak.
Amaitu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenen fasea eta hurrengo asteburuan hasiko dira final-laurdenak. Bost saio izango dira bigarren fase horretan eta jakina da saio bakoitzean nork kantatuko duen. Lehen saioa Urretxun izango da urriaren 24ean.

Jarraitu aurretik ordea, geldialditxoa eta egin lehen fasearen balorazioa egiteko eskatu diogu Edurne Soraluze, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko eragileari.

Antolaketa aldetik "sorpresa handirik gabe joan da fase hau eta hori ona da" dio Edurne Soraluzek. "Beasainen hainbat jende geratu zen sarrerarik gabe, baina horregatik diogu beti sarrerak aurrez erosteko. Gaur egun internetek horretarako aukera ederra ematen du".

Txapelketa izanda, "bertsolari askok hurrengo fasera pasatzea zuten helburu nagusi eta horren ondorioz lotuago atera dira oholtzara", hori uste du behintzat Gipuzkoako Elkarteko eragileak. "Hemendik aurrera lasaiago aterako direla iruditzen zait eta hor bere onena emateko aukera izango dutela".

Entzule asko gerturatu da saioetara, "bataz beste 300 lagun elkartu dira final-zortzirenetan eta poztekoa da Txapelketaren hasieratik ikusmina badela ikustea, ez soilik azken saioetarako. Are gehiago, kontuan hartuta asteburu berean bi saio izan ditugula askotan" dio Edurne Soraluzek.

Eta bigarren faseari begira jarrita, zer? "Badakigu final-laurdenetan jende gehiago hasiko dela gerturatzen saioetara, pilotaleku eta kiroldegietan egingo ditugu. Tamaina aldatuko da eta jende gehiago izango gara saio bakoitzean lanean";  eta bertsolariei dagokienez "bertso-maila ere goraka joango" dela uste Edurne Soraluzek.

Gogoratu final-laurdenetarako sarrerak salgai dituzuela www.bertsosarrera.eus atarian.

Lehen faseko bertsoaldi onenak

Bideoan ikusgai dituzue final-zortzirenetako bertsoaldirik onenak, saio bakoitzetik bat hautatu dugu. Gainontzeko saioetako bideoak atal berezian ikus ditzakezue.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa