Algortako Bertsolari Eskolak 35 urte 2015-12-11

ALBE Gala berezia larunbatean

ALBE Gala berezia larunbatean
35 urte bete ditu Algortako Bertsolari Eskolak eta gala handi batekin ospatuko dute urteurrena. Ez da urteko ekimen berezi bakarra izango,"ohiko bertso-ekitaldiei urteurren ukitua eman" baitiete. ALBEko kideek diotenez "gala ederra, bertso-festa alai eta koloretsua" antolatu dute "bertso-urte berezi honi amaiera berezia emateko". Bihar arratsaldeko 18:00etan hasiko da gala Algortako Igeretxen. Beharrezkoa da gonbidapena izatea bertan parte hartzeko.
ABRA sariketa berezia orain arteko txapeldunekin, Algortako Bertsolari Eskolaren hasierako urteak gogoratuz "Back to the future" bertso-afari tematikoa, orain arteko bertso-jaialdi mundialen errepasoa eginez saio berezia, Balendin Gogoan izeneko ekimena... asko izan dira 35.urteurrenean ALBE-k antolatu dituen ekimenak.  Batzuk berriak eta beste batzuk urterokoak, baina denak urteurren-ukituarekin.

ALBE-ko kideek diotenez, "ahalegin berezia egiten ari gara gure 35. urtebetetzea behar den moduan ospatzeko, eta bestetik, lau haizetara zabaltzen ari gara harro gaudela gure orain arteko ibilbidearekin, eta beste urte askotan segitu nahi dugula bertsotan gozatzen, hitza arte bihurtzen eta bertsolari artistak sortzen"

Beraz, bertso-urte ezberdin honi amaiera emateko ALBE Gala berezia antolatu dute biharko;  "gala eder bat, bertso-festa alai eta koloretsu bat"

Egitaraua
Gala arratsaldeko 18:00etan hasiko da Algortako Igeretxen eta "sorpresaz betetako" ilunabarra izango dela agindu dute antolatzaileek. Hauxe egitaraua:

18:00etan Harrera, aperitifa eta photocalla.
18:30ean Aurkezpena, bertsoak, ikusizkoak eta sariak.
20:00etan Otordua: ABRA cocktaila.
22:00etan Bertsopaperak, topaketa... cavarekin, eta sorpresa txinpartatsua.
22:30ean Dantzaldia GOZATEGI musika-taldearekin.

Gonbidapena beharrezkoa da jaian parte hartzeko beraz, ez duzuenak han izan direnek kontatukoarekin konformatu beharko duzue. Urte askotarako Algortako Bertsolari Eskola!

Albiste gehiago

Unax Aizpurua Ibargarai - Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna 2025-06-16

«Gaitzeko maila izan da eta denak biziki ongi aritu dira»

Danele Sarriugarte - Señora Sariketaren balorazio elkarrizketa 2025-06-05

«Ikusi dugu bertsoa utzi zuten pertsona horiek bertsotan perfektamente egiten dutela»

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-04-17

Gaztetxeak bertsotan Hitzetik Hortzeran