Egun osoko egitaraua prestatu dute Donostiarako 2016-01-27

Dena prest larunbateko Bertso Egunerako

Jon Agirresarobe, Bertsozale Elkarteko Sustapen eragileak esan digunez prest dago dena larunbaterako eta "afaltzera etorri nahi duenak oraindik badu aukera, sarrera gutxi batzuk geratzen dira saltzeko". Eguerdiko bertso-saio musikaturako ez da sarrerarik behar eta arratsaldeko ekitaldikoak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Horrelako egunetan ohikoa den moduan, "urduri" dago Bertso Egunaren atarian Jon Agirresarobe, Bertsozale Elkarteko Sustapen eragilea. Gauza asko lotu behar izaten dituzte egun osoko egitaraua osatzeko baina "ia dena prest" dagoela esan digu.

Aldaketekin hasiko da aurtengo Bertso Eguna. Urtarrilean kalean izan ohi den eguraldi txarretik ihesi "giro goxoa bilatu" dute Kursaal pareko Picachilla tabernan. Bertso-saio musikatua egingo dute han. "Ez dute musikatuta kantatuko, baizik eta gai-jartzaileek izango dute musikarien laguntza. Doakoa izango da eta ea zer moduz ateratzen den" dio Jon Agirresarobek.

Erabakien ingurukoa izango da Kursaaleko arratsaldeko ekitaldia. Jon Agirresarobek azaldu digunez, "bertsolariek antolatzaileen deia jasotzen dutenetik oholtzan kantatzen duten arte hartu behar izaten dituzten erabakiak" izango dira bertsotarako gai. Hamar bertsolari arituko dira kantuan eta 2zio taldeak ere zuzenean joko du oholtzan. Bi abesti eskainiko dituzte Odei Barroso eta bere kideek: "azken diskako abesti bat eta bestea, egunerako eta gaiari lotuta propio sortu dutena".

"Gaueko saioaren aldaketa nagusia kokapenari dagokio. Azken bi urteetan eman ez diren baldintzak eman dira aurten eta Kursaaleko jatetxera itzuliko da afaria". Bat-batekoak bertsoak eta bertso-jarriak egongo dira afalostean.

Oraindik geratzen dira sarrerak
Jon Agirresarobek
esan digunez, "afaltzera etorri nahi duenak lehenbailen erosi beharko du sarrera, gutxi batzuk geratzen baitira saltzeko". Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai eta larunbatean 16:00etan irekiko dute Kursaaleko leihatila.


Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-11

Nerea Elustondo, hortzak zorroztuta Eibarrera bidean

Igotz Alkorta Irastortza

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza